HELBIDE ETA JARIO ALDAKETA! | # |
Irailaren hasieratik aurrera, azken bi urteetan ostatu eman digun blogsome utzi eta gune propioan kokatu gara. Gure berri izan nahi baduzu, joan euskaljakintza berrira edo gaurkotu gure jarioa.
Helbide eta jario berriak:
- Helbide berria: http://www.euskaljakintza.com
- Jario edo feed berriak:
http://feed.euskaljakintza.com/euskaljakintza
http://www.euskaljakintza.com/feed/ (RSS )
http://www.euskaljakintza.com/feed/atom/ (Atom)
Egun hauetan, blog zaharra euskaljakintza berrira birzuzenduta dugu, hots, ezertxo ere gin gabe hemen sartzen bazara segundo batzuen buruan euskaljakintza berrian azalduko zara. Dena den, hau hasieran baino ez da izango, birzuzentze hori kentzeko asmoa baitaukagu. Kentzen dugunean, blog hau erabat erabilgarri baina zaharkitua geldituko da. Hortaz, gure artikulu berriak irakurri edo lan berriak kontsultatu nahi badituzu, gure helbide berrira aldatzea edota jarioa eguneratzea aholkatzen dizugu.
Ez ahaztu! Gurekin jarraitu nahi baduzu, zatoz euskaljakintza berrira!
Euskaljakintza berria: euskaljakintza.com | # |
Jakintzako berriak —Maite—23:082007-09-6
Euskaljakintza.blogsome.com zena euskaljakintza.com izango da hemendik aurrera. Bi ikasturte, 454 artikulu, 826 iruzkin eta 265.190 orri kargatu ondoren, Blogsomeri agur esateko garaia heldu da. Iazko ikasturtean, jada, sumatu genuen bloga gure hosting propiora pasatzeko beharra. Alde batetik, sortuak genituen hainbat eduki gure babespean gordetzeko egokitasuna ikusi genuen eta, bestetik, irudiak eta argazkiak igotzeko muga aspaldi gainditua genuen honek zekarren lan bikoizketarekin (artikulua Blogsomen idatzi, irudiak Flickreko kontu batean gorde…). Gauzak honela eta gure proiektuarengatik Foru Aldunditik lortutako diru-laguntzari esker, ikasturte bukaeran migrazioari ekitea erabaki genuen.
Aurretik ere ibiliak gara Elurnetekoekin elkarlanean eta informatika lanetan eskarmentu handia eta eskaintza zabala dituztenez, beraiekin harremanetan jarri eta bertako Gorka Julio “Teketen” apartak ekin zion euskaljakintzaren migrazioari. Ilusio handiz (eta tristura apur batez nire aldetik, egia esateko) ekin genion uztailean lanari. Zenbat buelta tarte honetan! Eskerrak Gorkaren pazientziari! (Zer iruditzen zaizu hau kentzea, beste hori mugitzea, hango hura aldatzea…? Nola egiten da…?). Mila esker, Gorka, izugarri ikasten dut beti zurekin (gustatuko litzaidake informatikaria izatea!)
Bestalde, behin aldaketekin hasita, edukia txukuntzeko garaia ere bazela garbi zegoen. Magicek beti esaten zidan euskaljakintzak “El bazar de la coja” ematen zuela. Informazio guztia -gehiegi- dena begi bistan, kaotikoki antolatuta. Egia esan, ikasleek eta lankide batzuek ere esan izan didate hainbat eduki topatzeko arazoak izan dituztela noiz edo noiz…Beraz, bere iradokizunari jarraiki (beti bezala
), edukiak atal orokorretan banatu eta azpiatalak orri nagusitik kendu ditut. Atal horiek zabalduz, eduki-zerrendak azaltzen dira. Badirudi, orain erosoago dagoela bilaketak egiteko. Gainera, magici kritika konstruktiboa eskertzeaz gain, txantiloi edo theme berriaren proposamena ere eskertu behar diot; izan ere, Gorkak eta biok bi egun oso sarean zehar dauden wordpress theme guztiak behin eta berriz ikusten pasa ondoren, magicek proposatutako lehenengoarekin gelditu naiz, dezinerfolio delako bat. Orain txukunagoa dagoela iruditzen zaizu, magic?
Luzamendutan ibili gabe, onena antolaketa berriaren azalpentxo bat ematea izango da:
Goiko aldean:
1. EGA: EGAko azterketa prestatzeko gune berria (azalpenak, ariketak, egutegia…).
2. ARAUAK: Euskaltzaindiaren arauak ikasi edo errepasatzeko ikastaroa (azalpenak eta ariketak online).
3. HAUTAPROBA: Hautaproba edo selektibitateko euskarako azterketa prestatzeko wikia.
4. HIZTEGIAK: Hiztegia.net-era lotura
5. BALIABIDEAK: Euskaljakintza euskara baliabide-bilduma
6. ENTZUN: Euskaljakintzako entzun-irakurtzeko gunea. Autore ezberdinen ipuin, poesia eta eleberrien grabazioak eta informazioa.
Eskuineko aldean (aldatzen joango da):
1. BILATU: euskaljakintza barneko bilatzailea.
2. ARIKETAK: euskararen hainbat arlo lantzeko euskaljakintzakook sortutako ariketak (ortografia eta arauak, esaldiak berridatzi, sinonimoak, esamoldeak, atsotitzak, lokailuak)
3. KONTSULTATEGIA: bat-bateko kontsultak (aditzak, ahozko erdarakadak, “a” itsatsia, antolatzaileak, deklinabidea, , interjekzioak, konparazioak, lokuzioak, perpaus motak…)
4. 2.0 BALIABIDEAK: Zer da web 2.0?, baliabide-bildumak, blogak, galde-sortak, Moodle, Podcasting, webquestak, wikiak… Horiei guztiei buruzko informazioa eta esteka interesgarriak.
5. GURE TXOKOA: euskaljakintzakook gure lanerako beharko dugun informazio eta material guztia (programazioa, egutegia, dokumentazioa, gure lan-koadernoak, irratia, irakurlearen txokoa…)
6. TXAT
7. AZKEN MEZUAK
8. ATALAK
9. ARTXIBOAK
10. JAKINTZA IKASTOLA: Jakintza Ikastolako gune ezberdinetara loturak.
Artikulu guztien ondoren, zabilduko ikurra topatuko duzue. Zabildu Alex Kingen Share This Wordpress gehigarriaren euskal lokalizazioa da. Ikur bakar bat gehitzen du zure blogeko sarrera guztietan, edukiak zenbait markadore sozialetara bidaltzeko (bildu, zabaldu, delicious, google bookmarks, digg, technorati…).
Amaitzeko, hementxe dituzue euskaljakintzako helbide berriak. Ea gustuko duzuen!
Bizkarrean tatuaturiko mapak - HARKAITZ CANO | # |
Irakurlearen txokoa —egarmendia—22:582007-08-21
Artikulu bat baino gehiago idatzi ditugu euskaljakintzan Harkaitz Cano idazle lasartearrari buruz, Belarraren ahoa liburuari buruz edota Jakintza ikastolan izan genuenekoa kasu; baita Euskadi saria irabazi zuenekoa ere. Literatura idazteaz gain, hainbat egunkaritan kolaboratu du, eta irrati zein telebistako gidoigile lanetan ere aritua da. Lehenengo argitalpenak poesiakoak izan baziren ere, ondoren prosarantz jo du eta gaur egun euskal literaturako idazlerik sendoenetakoa delako zalantza izpirik ez dago.
Bere lanen artean ondorengoak aurki ditzakegu: Kea behelainopean bezala (poesia, 1994), Paulov-en txakurrak (narrazioa, 1995), Radiobiografiak (ipuinak, 1995), Beluna Jazz (nobela, 1996), Telefono kaiolatua (ipuinak, 1997), Bizkarrean tatuaturiko mapak (ipuinak, 1998), Pasaia Blues (nobela, 1999), Belarraren ahoa (2004)…
Nik irakurri dudan obra Bizkarrean tatuaturiko mapak izan da. Canoren lan hau 49 ipuinez osatua dago. Horietako bakoitza hiri ezberdin batean kokatzen da: Amsterdam, Bartzelona, Dublin, Erroma, Liverpool, Mosku, Rio de Janeiro, San Petersburg, Tokio…
Hiri ezezagun batera iristean atseginagoa da bertakoen istorioak entzutea gidak egunero errepikatzen duten historia entzuten egotea baino. Horrela, Harkaitz Canoren ahotsean entzun ahal izan zituzten Euskadi Irratiko Goizean Behinzale guztiek 49 hiri hauetako istorio bana. Orain liburu honetan kontatuak. Arantxa Iturberen sarrera, Canok liburu hau idaztearen arrazoia azalduz, eta liburuko pasarteren bat irakur ditzakezue hemen.
Erraz irakurtzen diren ipuinak direla esango nuke; labur-laburrak gainera, bakoitzak bi edo hiru orrialde baino ez baititu. Ez du inongo jarraitasunik eskatzen irakurtzeko orduan hiri bakoitzean aurrekoarekin guztiz ezberdina den istorioa kontatzen baitu.
Irakurtzeko gogoa bai, baina asti gehiegirik ez dugun momentuetarako liburu aproposa, pixkanaka irakurtzekoa, alegia. Izan ere, arestian esan dudan moduan, kontakizun laburrez osatutako liburua da eta nire iritziz, behintzat, ez da guztia jarraian irakurtzeko horietakoa, hots, ez duzu kontakizunaren haririk galduko.
Nik azaldutakoaz gain, beste iruzkin interesgarri hau aurkitu dut, liburuaren berri beste ikuspegi berezi batetik ematen duena; baita idazle honi eta beste askori buruzko informazioa ere, bere lanak, sariak… Eta, amaitzeko, hementxe duzue Harkaitz Canori eginiko elkarrizketa interesgarri bat.
Abuztuaren 15eko bazkalondoa - JOXE AUSTIN ARRIETA | # |
Irakurlearen txokoa —silvia—9:482007-08-17
Joxe Austin Arrieta Donostian jaio zen 1949. urtean. Filosofia eta Letretan lizentziatua (Filologia Erromanikoan), gaur egun, Gipuzkoako Kutxa bankuan itzultzaile gisa lan egiten du. Euskara-irakasle izan da hainbat urtez, EUTGko Hizkuntz Eskolan eta Filosofia Fakultatean, hain zuzen. Euskalgintzako beste hainbat alorretan ere ibilia da, UZEIrekin eta UEUrekin ere egina baititu zenbait lankidetza. Kargu politikoak hartu izan ditu kulturaren eta euskararen alorrean.
Poesia eta narratiba landu ditu gehienbat. Bidaia-Termitosti (Ustela, 1978) ipuin-bildumak zabaldu zizkion Joxe Austin Arrietari literaturaren ateak, baina jarraian etorri zen lanak, Abuztuaren 15eko bazkalondoa (GAK, 1979; Elkar, 1985) nobelak, egin zuen zinez ezagun. Hurrengo lanarekin, Manu militari (Elkar, 1987), teknikari begira urrats bat aurrera egin zuen Arrietak. Honen ostean, Labur aroz (Txalaparta, 1997) narrazio bilduma argitaratu zuen egileak. Genero narratiboan ez ezik poesian ere lan paregabea egina du. Denbora tarte txikian lau poemategi kaleratu zituen Arrietak: Arrotzarena-Neurtitz neurgabeak (GAK, 1983), Bertso-paper printzatuak (Elkar, 1986), Mintzoen mintzak (Elkar, 1989) eta Graffitien ganbara (Kutxa Fundazioa, 1996). Isilune baten ostean, Orbaibar (Kutxa Fundazioa) argitaratu zuen, 2003an. Itzulpengintzan ere lan handia egin du. Bereak ditugu Marguerite Yourcenar-en Hadrianoren oroitzapenak (Elkar, 1985), William Goldwing-en Eulien ugazaba (Elkar, 1991), Jaume Fauster-en Beirazko giltzak (Elkar, 1997) eta Max Frisch-en Homo Faber (Elkar) liburuen euskarazko itzulpena, besteak beste. Eulien ugazaba lanaren euskarapenagatik Euskadi saria jaso zuen egileak 1993an. Informazio gehiagorako egin klik hemen eta hemen.
Nik irakurri dudan liburuan, Arrietak abuztuaren 15eko bazkalondoan protagonista den nerabeak eta bere familiak izandako solasaldia kontatzen digu. Elkarrizketa honetan aitak aitzinean bizi izandako esperientziak kontatzen ditu. Hauetako batzuk hunkigarriak dira, Gernika bonbardatu zuteneko egunean bizi izan zuena edo Bartzelonan bere lagun guztiak hil zituztenekoa, adibidez. Baina, amaren laguntzaz, momentu alaiak edo hain dramatikoak ez direnak ere azalduko ditu. Esate baterako, bere alabaren -protagonistaren neba- ezkontzan gertatutakoa edo Gernikako gorabeheren ondoren familiarekin topatzean hartu zuen poza.
Hala ere, mahaian bilduta direla, gaztea bere oroitzapenen gainean gogoeta egiten hasiko da eta pentsamendu hauek izango dira nagusi liburuan. Apaizekin izandako liskarrak, lagunekin bizitako gertaerak, Konstituzio plazan ospatutako dantzaldiak, bere aitonarekin igarotako momentuak, Luzero zaldiarekin bizitakoak, Marisa izeneko neskarekin izandako erlazioa… Beraz maitasuna, tristura, negarrak, parrak… izango dira elementu nagusiak liburu honetan.
Kontakizun hauek guztia, abuztuaren 15eko bazkalondoan trago batzuk hartzen dituzten bitartean kontatu edo gogoratutakoak, iraganetik orainaldira doaz. Horrela, liburuaren azken kapituluetan, ordura arte inongo esanahirik gabe jaurtiak ziruditen esaldiek zentzua hartzen dute eta hauetako asko elkarrekin lotzen dira.
Liburua ez zait asko gustatu. Nire ustez, liburu bat irakurri ondoren, zerbait ikasi duzulako sentsazioa eduki behar duzu, edo minutu batzuez irakurri duzunaz pentsatzera bultzatu behar zaitu edo pasarteren batean, behinik behin, zirrararen bat sentiarazi behar dizu. Nire kasuan ez da horrelako ezer gertatu.Abuztuaren 15eko bazkalondoa irakurri dudanean, ez dut emoziorik sentitu, garrantzirik gabeko kontutxoak iruditu zaizkit gehienak eta, irakurketa amaitu dudanean, axolagabe utzi nau. Hala ere, irakurtzea gomendatzen dizuet. Izan ere, nire kasuan, behintzat, horrelako liburu bat irakurri ondoren atsegin duzun beste bat irakurtzen duzunean, askoz ere gehiago gozatzen baituzu.
Interneten erabilera gaur egun | # |
Orokorra —ncasado—11:262007-08-3
Hasieran, Internet erabilera militarrerako sortu zen. Funtsean seinale digitalen transmisioak bideratzen duen sare bat da. Sare hau osatzen duten elementu nagusiak kablea (kobrezkoa edo zuntz optikoa) eta router-ak dira. Azken honek digitalizatutako informazioa bideratzen du bere helmugaraino.
Baina, handik denbora batera, konturatu ziren aplikazio gehiago zituela, hala nola, web nabigazioa edo posta elektroniko bidalketak. Horrela, bere erabilera abiadura handiz hedatu zen eta gaur egun milioika pertsonek erabiltzen dugu. Hala ere, herrialde aberatsen garapen teknologikoa ekarri badu ere, 3. mundua behartsuago eta atzeratuago utzi du ikuspegi honetatik.
Erabiltzaileon artean hainbat sailkapen egin daiteke. Hasteko, lanerako maneiatzen dutenak daude, informazioa bilatzeko, jolasteko, telefonoz hitz egiteko, ikasketak bideratzeko, musika jaisteko, bideoak ikusteko, aisialdirako…
Bestalde, internetera konektatzeko bide asko daude: gehiengo batez erabilia dena ordenagailua da eta kontuan hartzekoa da, halaber, gero eta sakeleko telefono gehiagok duela interneteko konexioa. Horretaz gain, internetera sarrera duten hozkailuak, mikrouhinak, telebistak…ditugu. Beraz, eguneroko bizitzako osagai nagusia dela begi bistan dago.
hurrengo orrira >>