Euskaljakintza gu gara!
Hemen klikatuz Jakintza Ikastolako blog guztiak ikusteko aukera izango duzu


  • entzun

2.0 baliabideak

EUSKARA kontsultarako

EUSKARA ariketak

EGA

zalantzak galdetu

aisia euskaraz

bestelakoak


Oliver eta Benji | # |

Orokorra —aalvarezdeeulate—1:09
2006-02-28

Kaixo lagunok, aurrekoan Dragoi Bolari buruzko artikuluarekin lortutako arrakastaren ondoren, beste marrazki bizidun mitikoekin natorkizue: OLIBER ETA BENJI. Son Goku miresten nuen bezala eta berarekin sartu ez nintzen bezala, futbolari hauekin, oraingoan, barre pixka bat egingo dugu (nik bai, behintzat:D).

Aurrekoan pentsatzen ari nintzela duda bat sortu zitzaidan: zenbat demontre meittuko dik artista hon zelaiek? Axota eta papera eskuan hartu eta trigonometria egiten hasi nintzen. Lurraren erradioak eta Oliberren (1.70m, japoniarra izaki ez baita oso handia izango) altuera horretatik horizontearen lerroa lau kilometro eta erdira ikusten duela jakin dut. Eta gutxi gorabehera Oliberrek atea zelaiaren hiru laurdenak egin dituenean ikusten duenez, ez da zaila, matematikaz baliatuz, OLIBER ETA BENJI TELESAILEKO ZELAIAK 18KM-KO LUZERA duela konturatzea.

Eta hemen sortu ziren nire buruhauste serioenak: zein abiadura hartzen dute jokalari hauek? 100 kilometro ordukotik gora ala? Japonian ez al dute dopin kontrolik egiten? Orain konturatzen naiz Julian bihotzeko gaixotasunak jota nola geratu zen…

Eta Oliberrek bere areatik txut egin, zelaiak dituen 18 kilometroak segund0 pare batean zeharkatu eta sarea zulatu ondorenean atzeko paretan marka uzten duenean? Baloiaren abiadura, gutxienez (eskerrik asko, Josune, iaz fisika irakasteagatik) 32.400 kilometro orduko abiaduran botatzen du. Ez luke soinuaren abiadura batzutan pasako? (Zenbat mach dira hauek, Jokin?) Eta ez dira, ba, Oliberren hanka, kanoia; eta, baloia, obus bat izango? Nola liteke gizaki batek (Benji kasu honetan) kanoikada hau gelditzea?
Japoniar hauek zein taktika erabiltzen dute? 1-1-1-1-1-1-1-1-1-1a? Jokoz kanpoa nola eskatzen dute, bengala bat airera botaz? Biluzik irteten den ingelesa zelaira irtengo balitz, nola eta noiz geldituko lukete? Zenbat polizia eta sendagile daude zelai batean? Norbait gaixotuz gero, ez al da hiltzeko arriskuan jartzen?
Partiduaren amaieran aldageletara joateko autobusa pasatzen al da jokalarien bila? Nola daki epaileak marrazainek zerbait dioten?

Oliberrek zelai osoa (demagun ordu pare batean) jokalari eta atezainari izkina egin eta gero huts egin ondoren zer egiten du, bere buruaz beste edo olatua? Eta orduerdi lehenago partiduaren amaiera izan dela konturatzen denean? Aldaketak egiteko polizia joaten al da hauen bila edo GPS sistemaz gidatzen dira?
Eta garrantzitsuena, zenbat eserleku daude? Eta ultrak hemen bezala portatzen al dira, edo urrutiegi daude zelaitik? Duda gehiago izanez gero, idatzi bildurrik gabe.

Iñigo ez da nire nahia zure erlijioa (futbola) iraintzea, ez zaitez arabiarrak Mahomaren karikaturekin bezala jarri mesedez!



Land Art: ur azpitik gainazalera. | # |

Orokorra —Enara—1:39
2006-02-27

Spiral Jetty sortu berria Artelanek ez dituzte beti museoak egonleku bakartzat. Eta gezurra badirudi ere, batzuk ikusteko ez dago ordaindu egin beharrik ere. Horietako bat dugu Spiral Jetty edo Kamingain Kiribila. Izan ere, 25 urte ur azpian ezkutaturik egon ostean, berriro ere begibistan dago, iazko udako lehorteak direla eta.

Lan miresgarri hau 1970. urtean burutu zen, eta Utahko Laku Gazi Handia du egonleku. Garai hartan, Land Art izeneko mugimendu artistikoa goren–gorenean zegoen. Lan artistikoak baina, aldi berean, ekologikoak egitea zuten helburu, museo, erakustoki eta merkataritza gune itxietatik kanpo, naturarekin kontaktuan eta edozeinen esku.

Spiral Jetty gaur egunRobert Smithson dugu aipatutako artelan honen sortzailea eta lurrez, arrokez eta gatzezko kristalez egina badago ere, badirudi berragertutakoaren edertasuna areagotzen duten mineral zuriak erantsi zaizkiola eta, ondorioz , purpura kolorea hartzen ari dela.

Ezusteko azalpen honek zeresan ugari ekarri du, korronte honetako lanek ez baitute denboran zehar iraupen handirik izan, lurraren higadura, euria edota askotan egile berak suntsitzen dituelako. Beraz, Spiral Jetty salbuespena dela esan daiteke, oraingoan naturaren nahia izan baita artelana bere horretan uztea. Nork daki noiz arte, baina bikote paregabea osatzen dutela ezin dezake inork uka.

Gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.



Amaiturik Ordiziako futbol zelai berria | # |

Kirola —iagirre—1:21
2006-02-26

Amaituak dira jadanik, aurreko urteko irailean hasi ziren lanak, eta urte askoren ondoren, Ordiziak itxurazko futbol zelai bat du, maila desberdinetako futbol talde ororentzat. Izan ere, orain arte belar naturalezko zelaia bazuen, baina bertan jubenil mailatik gorako taldeek joka zezaketen soilik, eta gainerakoek, ondoan zegoen “anexo” zelaian jokatu behar zituzten euren partiduak.

Guztiok dakigun bezala, futbol zelai honen egoera, eta futbol zelai esaten dut aparkaleku edo zezen plaza ez esateagatik, benetan tamalgarria zen, bertan jokatzen zutenentzat arriskutsua izateraino. Ez zen arraroa kristalak, botila txapak, burdin zatiak eta dena delakoak aurkitzea bertan jokatzen ari zinenean; izan ere, lehen aipatu bezala, beste zenbait gauzatarako ere erabiltzen baitzen anexoa. Ez zen oso gogokoa jokalarientzat, Ordiziako festetan zezen eta abarrek ibilitako leku berean futbolean aritzea.

Kexa askoren ondoren, azkenean lortu da Ordizian futbol zelai onargarri bat eraikitzea. Gainera, futbol zelai berri hau eraikitzeaz gain, atletismoko pista berria ere eraikiko da, futbol eta errugbiko taldeen zelaia izango denaren inguruan. Beraz, Ordiziako kirol guneek berreraketa izugarria jasango dute urte honetan zehar, honen emaitza Ordizia bezalako herri batek merezi dituen kirol-instalazioak izango direlarik.

Lehen zelaia dagoeneko amaiturik dago eta bertan hasiak dira jada futbol partiduak jokatzen. Baita orain arte Majori kiroldegian jokatzen ziren sofbol partiduak ere. Beraz, nahi duzuen guztioi gonbidatzen zaituztet bertara gerturatzea futbol edo sofbol partiduak ikustera. Ni jubenil taldeko jokalaria naizenez, bereziki gure partiduren bat ikusteko gonbitea luzatu nahi dizuet, larunbat arratsaldeetan jolastu ohi dugu etxean. Espero dut bat baino gehiago bertara azaltzea!

Gure argazkiak ikusteko, klikatu hementxe.



ORDIZIAKO BAZTERRIK EDERRENAK | # |

Orokorra —ibaimendia—2:21
2006-02-25

Aralar Ordiziak, Goierrin kokatua, paraje itzelak ditu. Hor daukagu Aralar mendikatea, egun erreserba natural bat dena, hego-ekialdetik lehen eguzki izpiekin bere nortasuna ezagutarazten duena. Txindoki dugu mendizerra itzel honen esentzia edo arima, bere edertasuna Zerbino suitzar handiaren gainetik ezartzen dena. Bestetik, urrunxeago eta hego-mendebaldean, Aitzgorri mendikatea dugu, inguruko handiena, bere ahalmenaren aurrean makurtarazten gaituena, naturaren aurrean gizakiaren ezak agerian uzten dituen jainkoa ahalguztiduna izaki. Hurbilena dagoena, eta aldi berean aipatutakoen artean txikiena dena, Usurbe mendia dugu, Ordizia bere magalean dirauen haurtxoetako bat delarik.

Aitzgorri Usurbe

Eliza Herriari dagokionean, zerbait badu benetan besteengandik bereizten duena, hori bere alde zaharra da, garai bateko arrazoi estrategikoengatik herriko puntu altu batean kokatua dagoena. Alde Zahar garatua du, egun oso ondo kontserbatzen dena, horren adibide dugu oraindik zutik dauden harresiaren hainbat arrasto. Eliza, jauregi, baserri eta etxetxo umil eder ugari ditu, baina herriko plaza da nire ustera ikusgarriena.

Lehenik, alde zaharrean barneratuz, parrokia-elizaren aipatzeari ekingo diot, garai batean herriaren ardatz nagusia izango zena. Alde zaharraren barruan harresi batez babestua egoteagatik, oso itxiak ditugu kaleak, eta ondorioz, eliza honen edertasuna ezkutatuta egongo balitz bezala dago, baina pixka batean begiratzen geratuz gero, liluratuko gaituena. XIII. edo XIV. mendeetan egindako eraikuntza baten hondarren gainean eraikia dago, arrasto horien artean gaur egungo dorre barrokoaren oinarria bakarrik gelditzen delarik. Gaur egungo eraikina XVI. mendekoa da, baina 1753an erloju berri bat ezarri eta 1887an portikoa estali zuten.

Udaletxea Gaur egun udalerri osoaren ardatza, ordea, udaletxea dugu. Hau ere aurretik eginiko baten hondarren gainean eraiki zen 1830-32 inguruan. Nahiko txikia dela aipatu beharra dago; izan ere, benetako balioa eta edertasuna beti joaten baitira kantitate txikietan. Beheko solairuan arkupeak badauzka ere, fatxadaren estiloa greko-erromatarra da, harrizko oinarri sendo baten gainean, zuriaren apaltasuna gailentzen delarik.

Herriko Plaza Herriko plaza nagusia ez doa inondik inora ere udaletxearen proportzioarekin; handia da benetan. Lehenago aipatu dudan bezala, estalia da, eta benetan ikusgarria, feriaren ospakizunetarako egin zena, eta herriaren bereizgarri nagusia delakoan nago.

Zabala Zabala jauregia da Ordiziako beste pilare bat, herrian bertan dagoen tabernaren izenez ezagutzen dena, Olano izenez, alegia. Hau herria babesten zuen harresitik kanpo geratzen zen, etxe honen gauzarik erakargarriena balkoi nagusiaren gainean dauden arku bikoitza eta armarria direlarik. Hainbat eta hainbat jauntxo jaio zen etxe honetan eta erregetzako makina bat lagunek hartu zuten ostatu. Egun jauntxo baten jabego pribatua denez, herriak ezin du honen berrikuntza bere baitan hartu, eta horregatik dago gainerakoak baino egoera tristeagoan.

BarrenaBarrena Jauregia ere aipatu beharra dago, XVII. mendearen hasierakoa izanik, herriko etxerik garrantzitsuenetarikoa da. Azken karlistadara arte, Jaques etxearekin igarobide baten bitartez lotuta egon zen. Barrutik egurrak agintzen duen bitartean, kanpotik harria da nagusi. Garai batean, probintziako hainbat Batzar Nagusi egin zen bertan. Jauregi honek antzinako izaerari eutsi dio, nahiz eta berritua izan eta orain udal kultura etxea den.

Abaria

Beste jauregi garrantzitsu bat Abaria Jauregia dugu, udaletxetik eta plaza nagusitik hurbil geratzen dena. Honek ere armarri ederra dauka, adreiluz eta harriz osatutako fatxada erakusten duelarik. Oso polita da, nire uste apalean, Ordiziako ederrena, eta garai batean Espainiako erregetzako kideek bertan ostatu hartu bazuten ere, gaur egun kutxa daukagu bertan ezarria.

Muxika Muxikako Dorretxea bereziki garrantzitsua da Ordiziako historian, udaletxea 1516an eraiki aurretik bertan egiten baitzituen bere bilerak Udalak. Honen armarria ere gaur ikusgarri dugu Santa Maria Kaleko sarrera gainean. Aldaketa handiak jaso ondoren, orain postetxea dago bertan.

Gaur egun Pottoka taberna ezaguna aurkitzen den gunea ere pribilegiatua da. Gazteluzahar Jauregiaz ari naiz, Ibarbia Jauregia izenez ere ezagutzen dena. Berriztatua dago eta hain interesgarria den kantoiko balkoiaren jabea da.

GazteluzarSujetonea

Sujetonea izango da aipatuko dudan alde zaharreko azken perla, baina horrek ez du esan nahi gehiago ez daudenik; besteak beste, hor dugu Barrena Jauregiaren parean aurkitzen den Jaques etxea ere, gaur egun, udal gizarte zerbitzuak dauden lekua, alegia. Lehenago aipatu dudan bezala, Barrenarekin lotuta egon zen eta honekin batera berritzean fatxada bertsua du. Sujetonea jauregitzat har ezin badezakegu ere, ederra da etxearen itxura eta fatxada nagusia apaintzen duten pintura bikainak direla eta. 1740an eraiki zen eta udaletxearen ondoan, Abaria Jauregitik eta Gazteluzaharretik hurbil dago, denak Plaza nagusiaren inguruan daudelarik. Postetxe izan zen, 1806an Espainian zalgurdiak hedatu zirenean, zalgurdi geltoki izan zen. Azkenik, ordea, estankoa finkatu da bertan.

Enparantza Alde Zaharraren barnean oraindik historikotasunik ez izanagatik garrantzirik galtzen ez duen Oteizaren eskultura aipatu nahiko nuke, Lekuona, Yoyes eta Sarriegiren omenez egindako eskulturaz ari naiz, alegia. Honekin batera, eta bide batez harresetik irtenda, Joxe Migel Barandiaran enparantza ere azpimarratu nahiko nuke, aski famatu egin baita Dolores Gonzalez Katarain “Yoyes” Euskadi Ta Askatasunako buru ohiaren hilketa dela eta.

Fray Andres Enparantza honetatik gertu, egungo abenidaren amaieran eta Zabala Jauregiaren parean Fray Andres Urdanetakoren omenezko oroitarria “Estatua” dago, kokaturik dagoen lekuarengatik Ordiziara joan den orok ezagutzen duena eta herriaren erreferentzia puntu garrantzitsu dena. Kolonizatzaile hau, herritarra, kosmografoa, eta Ozeano Barean barrena Asiatik Ameriketara joateko modua aurkitu zuena da. Aipatu beharra dago egun ez duela mirespen handiegirik, horretarako berari begiradatxo bat botatzea nahikoa dugu, nabaria baita ez dela batere zaintzen.

Parkea Monumentuak alde batera utzirik, herriak parke ugari dituela aipatu beharra dago, baina batez ere Barrenaren atzealdean dagoen parkea nabarmentzen da, inbidiatan egoteko moduko berdegunea dugu, ingeles eta frantses estiloak konbinatzen dituelarik. Barrenako ataurrea, lursailak eta hegoaldeko fatxadaren oinetan kokatutako basotxoa lorategi publiko bilakatzearekin batera sortu zen.

Ordiziako herrigunetik irtenda, Zabale Baserria aurki dezakegu. Mudejar estilokoa da eta lau aldeko dorrea du. Jauregi honen oinarria gainera, erromatarrek egina izan zen, eta hortik datorkio bere itxura berezia. Kokatua dagoen ingurure natural ederrak, are politago egiten du jauregi hau.

OianguOianguren Udal Parkea ere ezaguna da inguru honetan, azken urteotan gaurkotasun berezia hartzen ari dena, udalak aurrera atera nahi nahi duen golf zelaiaren proiektuak ekarriko duen pribatizazio eta txikizioa dela eta. Egun zuhaizti batez inguraturik, aisialdirako prestaturik dago: mahaiak, haurrentzako jolaslekua, futbol eta saskibaloi zelaiak… Bertako bista zoragarria da Txindoki, Aitzgorri, Usurbe eta beste hainbat mendi ederki asko begiztatzen direlarik bertatik. Parke natural honetan dago Fray Andres Urdanetakoaren jaiotetxea eta bertan aterpetxe eta jatetxe bat kokatzen da.

Hauek , ordea, Ordiziako udalerriaren pilareetariko batzuk besterik ez dira. Aipatutakoez gain, gauza eder ugari ere baditu ikusteko herri honek eta horretarako ondorengo argazkiak ikusteko gonbitea luzazen dizuet.

Informazio gehiagorako: www.ordizia.org

Ordiziako bazter eder gehiago ikusi nahi baduzu, klikatu hemen.



Musikoterapia | # |

Musika —maitanee—0:38
2006-02-24

Ziur ezaguna egiten zaizuela hitz hau, baina ba al dakizue zehazki zer den eta zertan oinarritzen den?

Musikoterapia, melodia ezberdinek gure gorputzean sortzen dituzten sentsatzioez baliatuz, musikaren bidez osasun arazoak saihesteko erabiltzen den teknika terapeutikoa da.

Musikoterapia

Ideia nagusia gaixotasun ezberdinen sorrera gure garunean ematen dela onartzea da. Garunetik kinada jakin bat bidaltzen da, ondoren, hau gaixotasunaren sortzailea izanik. Horrela, musikoterapiak, melodia ezberdinen bitartez, gaixotasunak sortzen dituzten kinadak erlaxatzen dituzten beste batzuk sortu eta bidaltzea du helburu.

Terapia honen erabilera aintzinetik ezaguna den arren, aurreko mendeko 40. hamarkadan izan zen medikuntza suspertzailea bezala erabiltzen hasi zenean, efektu fisiologiko, afektibo eta mentalekin pertsonen oreka psikofisikoa lortzen laguntzen zuela. Gaur egun terapia hau nerbio sisteman gorabeherak dituzten pertsonei, alkoholikoei, drogekin arazoak dituztenei eta buruaz beste ez egiteko terapia behar dutenei aplikatzen zaie. Esan ohi da musikoterapia bihotzarentzako eta birikentzako mesedegarria dela gainera.

Funtsezko lan eskemak, diziplina honetan, 3 ezaugarrik osatzen dute: gaixoaren elkarrekintza positiboa beste izakiekiko, autoestima eta erritmoaren erabilera energiaren sortzaile bezala. Musikoterapiak autoestimaren garapenaren motibazio gisa jokatzen du autoerrealizazio sentsazioa sortzen duten teknikekin, autokonfiantza, autoasetasuna eta bakoitzak berekiko segurtasun handia lortzeko. Erritmoa, funtsezko ezaugarri dinamiko eta ahaltsua musikan, mugimendu kontrolatuak sustatzen dituzten prozesu psikomotoreen kinaden orientatzailea da.

Terapeuta askoren ustez erreminta soinudun indartsuena harmonikoen kantua da. Gure ahotsaren bidez, gaixotasunari erresonantziaren frekuentzia egokia bota eta bere ohizko frekuentzia berreskuratzea lortu dezakegu. John Beaulieu terapeutak dioenez, harmonikoen intonazioak, gainera, tradizio mistikoen kundalinian eragina du. Hau hertsiki lotuta dago Tibeteko mantramarekin, chakrak garbitu eta energia esnarazten dituena argitasunera heltzeko.

Hemen duzue gaixotasun ezberdinak ezereztatzen laguntzen duten abestien adibide sorta bat:

Insomnioa:
Chopinen Nokturnoak (op. 9 n.º 3; op. 15 n.º 22; op. 32 n.º 1; op. 62 n.º 1)
Debussyren Preludio para la siesta de un Fauno
Pachelbelen Canon en Re

Hipertentsioa:
Vivaldi ren Lau urtaroak
Mozarten Serenata nº13 en Sol Mayor

Depresioa:
Rachmaninoven Concierto para piano nº5
Haendelen Música acuática
Beethoven Concierto para violín
Dvoraken Sinfonía nº8

Antsietatea:
Rodrigoren Concierto de Aranjuez
Vivaldiren Lau urtaroak
Mozarten La sinfonía Linz, k425

Buruko mina:
Listz en Sueño de Amor
Schubert Serenata
Rimsky-Korsakoven Himno al Sol

Tripako mina:
Telemannen Música para la Mesa
Haendelen Concierto de Arpa
Vivaldiren Concierto de oboe

Energia irabazteko:
Sibelius La suite Karalia
Tschaikowskyren Serenata de Cuerdas (op. 48)
Rossiniren Obertura de Guillermo Tell



hurrengo orrira >>
 

Get free blog up and running in minutes with Blogsome | Theme designs available here