Euskaljakintza gu gara!
Hemen klikatuz Jakintza Ikastolako blog guztiak ikusteko aukera izango duzu


  • entzun

2.0 baliabideak

EUSKARA kontsultarako

EUSKARA ariketak

EGA

zalantzak galdetu

aisia euskaraz

bestelakoak


Tramitezko partidua zena… | # |

Orokorra —zerius—23:30
2006-03-30

Joan den asteazkenean Tau Baskonia eta Moskuko CSKAk aurrez aurre jokatu zuten partiduan ohorea besterik ez zegoen jokoan, CSKA eta Tau 1. eta 2.postuan finkaturik baitzeuden hurrenez hurren Euroligako Top 16ko beraien taldean, biek hurrengo faserako txartela eskuratuta zutelarik.
Baina bi talde hauek aurkakotasun handia izanik Euroligako aurreko edizioetan eta jakinik, Tauk Buesa Arena pabilioian Euroligan 15 hilabete daramatzala porrota zer den ezagutu gabe, oso ikuskizun duina erakutsi zieten bertara hurbildu zen zale andanari.

Partidua 70-63ko markagailuarekin bukatu zen, Tauren alde. Hala ere, han dena ez ziren albiste onak izan, Tauk jakin baitzuen hurrengo faserako aurkaria nor izango duen, Panathinaikos ahalguztiduna alegia, kosta ala kosta saihestu nahi zutena.

Partiduaren azterketari dagokionez, Perasovic-ek (gasteiztarren entrenatzaileak) normalean gutxi jokatzen dutenei minutuez gozatzeko aukera eman zien, eta erantzun bikaina eman zuen Sergi Vidal hegaleko kataluniarrak, 16 puntu sartu baitzituen, partiduko izarra ezbairik gabe.

1go zatiari baldar ekin zion Tauk, bere aurkariaren izen handiak beldurturik eta sistema aldaketen ondorioz, Prigioni antolatzaile argentinar bikaina ez baitzen hasierako bostekoan atera, bere ordez, Roko Leni Ukic kroaziarra atera baitzen, partidu benetan penagarria burutu zuena.

2. zatian, ordea, hasierako presioaren zama kenduta, Prigioniren kantxaratzeak lagunduta eta Vidal eta Erdoganek 6,25 marratik izan zuten aportazioari esker, Tauk buelta eman zion markagailuari, 30 eta 26ko aldeko markagailua finkatuz.

Hala ere, 2. zati hau bukatzeko 2 minutu faltan, Moskuko taldean Papaloukas antolatzaile greziarra kantaxaratu zen eta bere taldea bizi-berritu eta atsedenaldian 32 eta 34ko markagailua utzi zuen. 3. zatian ere markagailuak estu jarraitu zuen eta azpimarragarria da Drobnjak serbiarrak eginiko lan gogorra. 4. eta azken zatian, berriz, Tauk estu hartu zituen aurkariak defentsan eta gainera bi pibotak, Scola eta Splitter, fin aritu ziren uztai azpian.

Horrela, Tauk ohoreari eutsi eta 70 eta 63 irabazi zion Europa osoan aurrekontu gehien duen taldeari.
Zaleak gainera irribartsu atera ziren behingoz. Aipatu,azkenik, Vidalen partidua izan zela atzokoa eta Prigionik Splitterrekin egindako “alley-up”ak pabilioia zutik jarri zuela.

Berrian partidu honi buruz Jon Rejado gasteiztarrak idatziriko artikulua ikusi nahi baduzue, klikatu hemen.



Frantziako lehen kontratuaren aurkako mobilizazio historikoak | # |

Orokorra —iker—5:32

Frantziako mobilizazioak Entzunda eta ikusita izango duzuen bezala, Frantziako ikasleak eta zenbait sindikatu mobilizazio ugari ari dira egiten Dominique de Villepinek, Frantziako lehen ministroak, martxan jarri nahi duen lehen kontratuaren aurka. Lehen kontratu hau 26 urte baino gutxiago dutenei zuzendua dago eta, funtsean ondorengoa dakar: 2 urteko iraupena duen kontratu batean, inolako kalte ordainik gabe kaleratzeko eskubidea ematen dio enpresa buruari.

Gauzak honela daudela, 3 milioi pertsonatik gora mobilizatu dira kontratu honen abolizioa eskatuz. Baina Villepinek esan duenez, kontratua ez da kenduko nahiz eta zenbait gauza eztabaidatzeko alde agertu den. Sindikatu gehienek eta ikasleek mahai inguru batean biltzeari uko egin diote eta lehen kontratua bertan behera uzteko eskatu diote Frantziako lehen ministroari.

Egoera honen aurrean, jendeak bere iritzi propioak plazaratu ditu eta batzuek diotenez, Le Pen eta faxismoaren aurka 2002ko maiatzean egin ziren protestekin konparatu dute. Beste batzuek, berriz, 1968ko maiatzaren 2an Parisen hasitako mobilizazioekin.

Baina egoera horrela dagoela, ikasleoi batez ere eragingo dizkien kalteak zein izan daitezkeen ikusita, erreflexio bat merezi duela pentsatzen dut. Horregatik zuen iritzia eskatzen dizuet denon artean eztabaidatu ahal izateko.

Hau dena esan ondoren, artikulu oso interesgarri bat aurkitu dudala esan nahi nizueke, bertan munduko ikasleen borrokaz mintzatzen da historian zehar pasa diren gertakariak azalduz.



Ordiziako Gazteentzako II. Ligatzeko Esamoldeen Lehiaketa | # |

Orokorra —Maite—0:34
2006-03-29

Anima zaitez lehiaketan parte hartzera!

Gaur, DBHO 1 eta 2ko euskarako ordu guztietan tartetxo bat esamoldeak asmatzeari eman behar diogu, baina ez nolanahiko esamoldeak, ez, ligatzeko esamoldeak ideiatu behar ditugu! Kontua da, Ordiziako Gazteentzako II. Ligatzeko Esamoldeen Lehiaketa martxan dela eta denok gurea aurkeztu behar dugula. Ea, bada, jar ezazue zuen irudimen hori dantzan!!!

Ondoren topatuko duzue aipatutako lehiaketan parte hartzeko jakin beharreko guztia:

Ordiziako Euskararen Udal Aholku Batzordeak antolatu du Ordiziako Gazteentzako II: Ligatzeko Esamoldeen Lehiaketa. Lehiaketaren helburua, lagunarteko egoera informaletan euskarazko esamoldeak sustatzea da.

    1. NORENTZAT

Lehiaketa honetan 14 urtetik gorako edozein ordiziarrek har dezake parte. Lanak epaitzeko orduan hiru maila bereiziko dira:

A maila: 14-15 urte (DBH 3)
B maila: 15-16 urte (DBH 4)
C maila: 16tik gora

Pertsona bakoitzak ezin izango du esamolde bat baino gehiago bidali.

    2. GAIA

Lehiaketaren gaia EUSKARAZKO PIROPOA da; hots, ligatzeko esamolde edo piropoak.

    3. LANEN EZAUGARRIAK

. Esamolde guztiak jatorrizkoak, norberak sortuak eta euskaraz idatziak izan beharko dute.
. Lanek, maila edozein delarik ere, esaldi bat izango dute gutxienez, eta bi gehienez.
. Bereziki begiratuko zaio testuaren originaltasun, zuzentasun, jatortasun eta egokitasunari.
. Lanak, DIN A-4 orrian, ordenagailuz idatzita aurkeztuko dira. Posta elektronikoz ere bidali ahal izango dira.

    4. LANAK NOLA AURKEZTU

. Lanean ez da egilearen daturik jarriko, esamoldea bakarrik baizik.
. Egilearen datuak (izen-abizenak, adina, telefonoa, helbidea eta lanaren lema) kartazal itxi batean sartuko dira, eta kartazal horren azalean jarriko da lema.
. Posta elektronikoz bidalitako esamoldeen kasuan, esamoldea fitxategi batean bidaliko da, “esamoldea” izenarekin, eta egilearen datuak (izen -abizenak, adina, telefonoa, helbidea eta lanaren lema), “egilea” izena duen beste fitxategi batean”.

    5. LANAK NORA BIDALI

Lanak eta egilearen datuak dituen kartazala, handiagoa izango den beste batean sartuta, honako helbidera bidali beharko dira:

Ordiziako Gazteentzako II. Ligatzeko Esamoldeen Lehiaketa
Ordiziako Udala- Euskara zerbitzua
Kale Nagusia 24
20240 ORDIZIA

e-posta: euskara@ordizia.org

    6. LANAK AURKEZTEKO EPEA

Lanak aurkezteko epea martxoaren 20an hasi eta apirilaren 3a arte luzatuko da.

    7. HAUTAPENA

. Jasotako piropo guztien artean, hautapen batzordeak sei aukeratuko ditu, maila bakoitzeko bi.
. Jasotako piropo guztiak Ordiziako Udalaren web gunean jarriko dira erakusgai.
. Esamolde guztiak Euskararen Aholku Batzordearen esku geratuko dira.

    8. SARIAK

Maila guztietan:

1go saria: 30 €
2. saria: 20 €

Epaimahaikoak hala erabakiz gero, sariren bat eman gabe gera liteke.

Kamisetak: Diru-sariaz gain, maila bakoitzeko lanik onenen Ordiziako egileek 10na kamiseta jasoko dituzte, lagunen artean banatzeko. Horietan, saritua izan den piropoa joango da diseinatua. Gainontzeko piropo hautatuen egileek ere kamiseta bana jasoko dute. Lanak aurkeztu dituzten guztien artean, gainera, 17 kamiseta banatuko dira.

    9. EPAIMAHAIA

Lehiaketaren epaimahaia Ordiziako Euskararen Udal Aholku Batzordeko bi lagunek, DBH2ko ikasleei Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean saioak eman dizkien Lasarte-Oriako Ttakun euskara elkarteko teknikariak, eta bi ikastetxeetako irakasle banak osatuko dute.

    10. SARI EMATEA

Sari ematea apirilaren 25ean izango da, Barrena Kultur Etxean, 19:00etan. Bertan izango dira epaimahaia osatu duten kide guztiak.

Den-dena garbi dago, ezta??? Ea, bada, zer bururatzen zaigun!!!



SPENCER TUNICK DONOSTIAN! | # |

Orokorra —iratig—23:58
2006-03-27

irati9 Spencer Tunick argazkilari estatubatuarra oso famatua egin da azken urte hauetan milaka pertsona, gizonezko zein emakume, biluzik erretratatu dituelako.

Tunick 1994an hasi zen lan hau burutzen, horretarako New York hartu zuen bere lana burutzeko gune gisa. 30 pertsona inguru elkartu zituen ONU egoitzaren aurrean, honek izugarrizko eskandalua sortuz herritarren aurrean.

Hamalau urte hauetan, munduko hainbat lekutatik pasatu da: San Paulo, Santiago de Chile, London, Montreal eta Erromatik, besteak beste. Sarritan kartzelaratua izanda argazki eztabaidatu hauen ondorio.

Spencer Tunickek 1500-2000 pertsona inguru elkartzen ditu bere argazki saioetan. 2003ko ekainean marka hau hautsi zuen Bartzelonan 7000 pertsona inguru elkartu zituenean, argazkia ateratzeko marko gisa D’art de Catalunya museo nazionala (MNAC), Maria Kristina etorbidea eta, azkenik, dorre Veneziarra erabiliz.

Orain, Donostiari dagokio. Eguna 2006ko apirilaren 22a izango da eta lekua ziurtaturik ez badago ere, adituen iritziz, “La Concha” hondartza, Kursaala edo “Sagrado Corazon” izan daiteke. 2000-2500 pertsona inguru elkartzea du helburu, adin guztietako pertsonek parte har dezakete eta partaide bakoitzari, oroigarri gisa, argazki bar emango zaio. Argi dagoen gauza bakarra Donostia hiria munduan zehar ezagutzera emateko bidea izateaz gain, ikusmin handiko jende ugari hurbilduko dela bertara.

Parte hartzeko web orrialdean sartu eta bertan izena eman behar da. Ahaztu baino lehen, garrantzitsua da esatea ez dela inolako diru saririk emango. Animatzen zarete???



DENOK SUKALDERA!! | # |

Musuak estitzen —neream—10:39
2006-03-26

Euskaljakintzarako atal berri batekin natorkizue: postreak. Badakit DBHOko ikasleak eta irakasleak oso gozozaleak zaretela eta ikaragarri gustatzen zaizkizuela pastelak eta horrelakoak jatea. Horregatik norberak errezeta hauek jarraituz bere etxean jaki hauek prestatzea idea polita izan zitekeela pentsatu dut. Beraz, animatzen zaituztet oso dibertigarria baita.

Gaur bi errezeta emango dizkizuet. Bata, txokolate eta intxaur pastela helatuarekin eta bestea, txokolatezko galletak.

Has gaitezen, bada!!!

TXOKOLATE ETA INTXAUR PASTELA HELATUAREKIN

OSAGAIAK
(7 lagunentzat)

PASTELA

250 g txokolate
180 g gurin
4 arrautza
300 g glas azukre
180 g irin
20 intxaur

KANELAZKO HELATUA

200 ml esnegain
100 ml esne
4 arrautza-gorringo
100 gr azukre
2 kanela-txotx


HELATUA

1. Arrautza- gorringoak azukre erdiarekin nahastu.
2. Esnea kanelarekin berotu. Irakiteko prest dagoenean, gorringoak gehitu eta eragin.
3. Iragazki batetik pasatu eta sutan jarri. Su motelean eduki eta gelditu gabe eragin pixka bat loditu arte. Ez utzi irakiten, moztu egiten baita. Agudo hoztu.
4. Esnegaina muntatu eta geratzen den azukrea ere bai.
5. Esnegaina eta egin dugun natilla nahastu.
6. Makina badugu, bertan egin helatua. Bestela, izozkailuan sartu eta hamar bat ordu utzi. Hori bai, lehenengo hiru orduetan noizbehinka atera eta irabiatu kristalak ez sortzeko.

PASTELA

Ze goxoa! 1. Txokolatea moztu eta gurinarekin urtzen jarri, eraginez su motelean. Sutik atera eta epeltzen utzi.
2. Arrautzak irabiatu eta txokolatearekin nahastu.
3. Azukrea gehitu eta nahastu.
4. Irina bahetu eta nahastu.
5. Aldez aurretik intxaurrak zatikatu. Ondoren, gehitu eta nahastu.
6. Masa guztia koipeztatutako eta irineztatutako molde batera bota. Labean sartu: 180 ºC, 45 minutu. Moldetik atera eta hozten utzi.

TXOKOLATEZKO GAILETAK

OSAGAIAK

60 g gurin
60 g azukre
90 g irin
60 g txokolate beltza
Arrautza bat

1. Labea 180 ºC-ra piztu.
2. Gurina urtu eta azukrearekin nahastu krema bihurtu arte.
3. Ondoren, arrautza irabiatu eta kremarekin nahastu.
4. Irina bota eta honekin batera gatz pixka bat.
5. Azkenik, aldez aurretik zatikatutako txokolatea nahastu.
6. Erretilua irineztatu eta piloak egin ondoren, erretiluan ipini. Bukatzean, labean sartu 10-12 minutuz, atera bertatik eta hozten utzi.

Bi errezeta hauek prestatzeko nahiko errazak dira, baina jateko are errazagoak! Orain zuei dagokizue sukaldari txapela jartzea eta sukaldeko munduan murgiltzea. BON APPETIT!!!!



hurrengo orrira >>
 

Get free blog up and running in minutes with Blogsome | Theme designs available here