Euskaljakintza gu gara!
Hemen klikatuz Jakintza Ikastolako blog guztiak ikusteko aukera izango duzu


  • entzun

2.0 baliabideak

EUSKARA kontsultarako

EUSKARA ariketak

EGA

zalantzak galdetu

aisia euskaraz

bestelakoak


Palestina hotela- JOSEBA IRIONDO | # |

Irakurlearen txokoa —haizea—10:44
2006-08-31

IriondoJoseba Iriondo Orbegozo Azpeitian jaio zen 1969an. Kazetari ikasketak egin ondoren, bere lehen urratsak Euskadi Gaztean eman zituen. Ondorengo hiru urteak Madrilen korrespontsal bezala jardun zuen. Iraken ere egon zen guda korrespontsal modura. Gaur egun, berriz, EITBko albistegietako aurkezle da. Irakeko egonaldian pairatutako hainbat gertaerarengatik Palestina hotela bere lehen liburua idaztea pentsatu zuen.

Joseba Iriondok idatziriko liburu hau irakurtzearen arrazoietako bat Iraken inguruan gertatzen ari zirenak bertan egondako norbaiten ahoz edo lumaz jakin nahi nituelako izan zen, lehenengo pertsonan, alegia. Nik Euskal Herriko kazetari batek Irakeko guda gertutik nola pairatu zuen jakin nahi nuen. Horrez gain, duela bi urte Durangoko azokara joan nintzenean, kazetari-idazlea liburua sinatzen ari zen eta orduntxe erostea erabaki nuen.

Palestina hotelaSadamen agintearekin bukatuko zuen gerra hasteko, Estatu Batuak Irakek arma suntsitzaileak zituela esan zuen. Nazioarteko erakundeen onespena, alde batetik; eta, bestetik, Espainia, Britainia Handia eta Italia bezalako hainbat estatuk bere alde egiteak behar zuen adorea eman zion estatu ahaltsuari okupazio eta gerra ekintzetan hasteko.

Mundu osoan manifestazio jendetsuak izan ziren arren, aurrera jarraitu zuten. Geroago jakin izan da faltsuak zirela amerikarrek aipatutako arrazoiak eta benetan Irak bereganatzeko arrazoi nagusia petrolioa izan zela. Argi ikusten da diru kontuak tartean daudenean, edozer zilegi dela…

Gerra honetan inbaditzaileek ez dute sekula euren militar hildakoen edo zaurituen inguruko informaziorik eman albistegietara; hori bai, Bagdaden hildakoak bertako biztanleak izan direnean, harrotasun osoz erakutsi izan dituzte hilotzen gorpuak. Bertako biztanleek tortura, hilketa edo beste hainbat gordinkeria jasan izan dituzte. Iriondok egoera horiek berak ikusi zituen bere begien aurrean. Bonbek ere zauritu eta hildako asko utzi zituzten kazetaria bertan zegoenean. Iriondoren lanbide bereko hainbatek ere bizia galdu zuen, horien artean, José Couso kamerak.

Liburua modu sinple batean dago idatzia eta behar diren argibideekin. Duen adierazpen onagatik oso erraz irudika zaitezke zu guda haren erdian. Horrez gain, gerraren aurretik nolako egoera zegoen ere azaltzen du liburuak.

Ezbairik gabe, gaur egungo gertakariak gustuko dituen edonori liburu hau irakurtzea gomendatzen diot. Amaitzeko, Palestina Hotelaren aurkako erasoaren bideoa jarri nahi nizuen baina topatu ez dudanez, beste hauek dituzue ikusgai, gerraren zentzugabeaz pixka bat gehixeago ohartzeko





MEXIKORA EDO VENEZUELARA? (II) | # |

Orokorra —ibaimendia—19:41
2006-08-24

Venezuelako Boliviako Errepublika edo “República Bolivariana de Venezuela” da bere izen osoa, eta oso estatu handia da, ia Espainiaren bikoitza. Hori dela eta, oporraldi batean dena ezagutzea ezinezkoa litzaiguke, baina hilabete eta erdiko bidaia leku zoragarri honen ideia nagusi bat egiteko aukera aproposa izan daiteke.

Venezuelaren edertasunean, bere herriaren apaltasun eta xehetasunaren aurrean naturaren handitasuna eta indarra dugu. Kontrasteen lurra dugu Venezuela. Horren lekuko dira Canaima parke naturaleko ur jauziak, basamortuaren gogortasuna, Orinoco ibaiaren deltaren handitasuna, llanoetako faunaren aberastasuna, basoetako flora dibertsitatea, Karibeko hondartzen edertasuna… Laburbilduz, dena daukan lurraldea dela esan daiteke.

Zerbait bada, ordea, benetan diz-diz egiten duena, hori Orinoco ibaiaren delta da. Bertan indigenak bizi dira, kanpoko mundu zibilizatuaren eraginik apenas jasan ez duten Guaraoak horren lekuko. Txikiak, ile beltz eta lisodunak eta arrasto indigena tipikoenekin, euren hizkuntza eta kultura propioa dute, eta hauek ezagutzea benetan aberasgarria da edonorentzat. Errekaren gainean dituzte euren bizilekuak: ibaian sartutako egurrezko posteak oinarri, egitura ere egurrezkoa eta palmeren hostoekin osatutako teilatua. Enbor bakarretik eraikitako “Kuriara” izeneko kanoa estiloko batzuekin garraiatzen dira ibaian gora eta behera, bertan ez baitago ez errepiderik ezta apenas lur finkorik ere.

Ez dira, ordea, Guaraoak Venezuelako indigena bakarrak, Pemon izenekoak ere badira, Canaima parke nazionalaren barruan topa ditzakegunak, eta hauek ere kultura propioarekin. Auyan-tepuy izeneko tepuy erraldoiaren magalean bizi dira. Tepuyak munduan beste inon aurkitzen ez diren mendi arrokatsuak dira. Flora endemikoa dute eta batzuk 3000 milioi urte baino zaharragoak dira, mundua bera sortu zenekoa, alegia. Bertatik erortzen da El Salto del Ángel edo Karepaku-pa merú bertako etnia indigenaren hizkuntzan, munduko ur-jauzirik garaiena dena (ia 1000 metrokoa). Oihan tropikalez inguratua, aldi berean, Sabana handia edo Gran Sabana deiturikoaren barnean dago, Amazonaseko basoaren bihotz-bihotzean.

Lautadak “Los Llanos” ere ezin ahantz ditzaket. Bertan dago Venezuelako animalia espezie barietate eta kantitate handiena eta, gainera, landaretzaren eskasia eta orografia laua direla eta guztiz ikusterrazak dira; batez ere, urtaro lehorrean, ura metatzearekin batera animaliak ere biltzen baitira. Hemen aurki ditzakegu, besteak beste: Kaimanak (babak), suge mota ezberdinak (anakondak, kobrak…), iguana bezalako musker mota ezberdinak, munduko karraskari handienak diren chiguire edo kapibarak, jaguarrak eta beste hainbat felino, bufaloak bezalako ugaztun erraldoiak, tximinoak, milaka hegazti espezie (guakamaioak, tukanak, arranoak, loroak, perikitoak…) eta baita elefanteak ere!!! Kar, Kar! Azken hau gezurra zen!

Honekin nire artikuluari amaiera ematen diot baina, bukatu baino lehenago, aurreko zatian plazaratutako galderaren erantzunak nahi nituzke. Zein aukeratuko zenukete Mexiko ala Venezuela?

Oharra: Dakizuen bezala, argazkilaria ni neu naiz. Aurrekoan esan nizuen bezala, argazkiak nik ateratakoak izatean, xarma berezi bat dute. Begira itzazue eta goza!



MEXIKORA EDO VENEZUELARA? (I) | # |

Orokorra —ibaimendia—13:08
2006-08-13

Mayen aztarnak

Artikulu hau irakurtzearekin batera, irudimenezko mundu batean sartzeko gonbitea egiten dizuet irakurle orori. Ondorengoa da gaurkoan plazaratzen dudana: Nora bidaiatuko zenukete, Mexikoko Riviera Mayako hondartzetara ala Venezuelako birjintasunean barrenera? Itxaron! Ez ezazue oraindik ezer erantzun. Aukera zaila da benetan, baina biak oso lurralde ezberdinak badira ere, badute gauza komun bat, biak hitz bakar batera murriztu daitezkeela, alegia: PARADISUA. Zuetako asko leku hauetan egon gabeak izango zarete eta batzuek seguru aski sekula ezagutuko ez dituzuenez, hona hemen lurralde hauek zertxobait ezagutzeko aukera paregabe bat, irakurgai exotiko eta atsegin bat, aldi berean gure adimena aberasteko ikasgai bat izango dena.

Bi norako hauek ez ditut zori hutsez hautatu, ezagutzen ditudan lekurik ederrenak direlako baizik. Iazko udan izan nuen hauek bisitatzeko beta eta baita zortea ere eta, bide batez, aurtengo uda hementxe denez, leku hauetara joatea gomendatzen dizuet. Ez zarete damutuko!
Lehenik Mexikori helduko diot. Mexiko lindo! Leku aparta zalantzarik gabe; nik, ordea, herrialde aberats honen zati txikitxo bat ezagutzeko aukera baino ez dut izan. Karibe itsasoaren erdi-erdian kokatzen den penintsulaz ari naiz, Yucatán penintsulaz, alegia; bertako kultura Maya aitzindariagatik, Riviera Maya izenez ezaguna dena. Bere hondartza paradisiakoak direla eta bidaia agentzietako eskaera nagusienetako bat bilakatu da. Bere edertasuna ezin zalantza dezakegu. Harea zuri eta finezko hondartza kilometrikoak, ur garden eta epela, palmerak nonahi, fauna eta flora aberatsa, kultura aberastasuna, eguraldi tropikal aparta, bertako jendearen apaltasun eta alaitasuna… eta hori guztia gutxi balitz, sekulako azpiegitura turistikoak 3, 4 eta 5 izarreko hotelak daudelarik. Hotel onenek izugarrizko prestakuntzak dauzkate gainera: igerilekuak, jakuzziak, saunak, 24 orduetan argiztatutako teniseko kantxak, golf zelaiak, pin-pon mahaiak, balley ball, saskibaloi eta futbol zelaiak, diskotekak, bospasei jatetxe… eta “dena barne” balearekin joanik, nahi adina jarduera egin (snorkel, bela, piragua…) eta nahi adina jan eta edateko aukera duzu xentimo bat bera ere gehiago ordaindu gabe!

Astebeterako bidaia hartuz gero, ondorengoa egitea proposatuko nuke. Behin hotelagatik ordaindu den guztia ordaindu eta gero, hotelaz eta honen hondartza pribatuaz ondo gozatzea gomendatzen dut. Baina behin putzu handia zeharkatuta ezin geratuko gara egonaldi osoa hotelean sartuta Mexiko ezagutu gabe denbora “xahutuz” eta, horregatik, irteera ezberdinak egiteari ere aukera polita deritzot. Aukerak ugariak dira: Xcaret erreserba naturala, Chichen Itza Mayen aztarnak, Santa Clarara erosketetara…

Eginahalak eginik, oso ondo pasatu eta sekula ahaztuko ez ditugun oporrak igaroko ditugula dudarik ez egin. Mexikoko kosta alde batera utzirik, Venezuelari ekingo diot baina ez orain, hemendik egun batzuetarako utziko dut artikuluaren bigarren zatia. Abuztuko egun hauetan gehiegi luzatzen banaiz, ez du inork artikuluaren bukaera irakurriko eta Venezuelak hori baino gehiago merezi du…

Hona hemen nire bidaietan ateratako hainbat argazki. Argazkiak nik ateratakoak izatean, gainera, xarma berezi bat dute. Begiratu itzazue, denok dakizuenez, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dute eta!



YACOa, etxeko hitzontzia | # |

Orokorra —britz—10:29
2006-08-5

Duela hilabete pare bat hudoei buruzko artikulutxo bat argitaratu nuen, eta oraingoan ere, nire animalienganako miresmena agerian utzi nahian eta naturari buruz zertxobait gehigo ikas dezagun, antzeko batekin natorkizue. Izenburuan irakur daitekeen bezalaxe, yacoa izan da hautatu dudana, baina izen honek zerbait esaten al digu? Zer izan liteke yaco bat? Txakur bat agian? Bitxia badirudi ere, yacoa Afrikako hegazti bat da, loro bat zehazki.

Yacoa Hasteko, komenigarriena bere izen desberdinak ezagutzea izango litzateke; zientzialariek Psittacus Erithacus hitz latinez izenpetu zuten; halere, ezagunagoa da loro gris afrikar izenaz edota soilki yaco hitzaz. Logikoki, animalia honen jatorria Afrikan kokatzen da, eta batez ere kontinentearen mendebaldean aurki dezakegu (egoera basatian). Zorionez, Espainian edota Euskal Herrian bertan badira hegazti hauen ugalketaz eta hazkuntzaz arduratzen diren haztegiak, bertan eskuragarri izan ditzakegularik. Dena dela, animalia-dendetan erosgai dauden gehienak Afrikan ehizatu eta bertatik geure lurraldera esportatutakoak dira.

Yacoa elikatzenYacoaren kolore gris eta txuriak oso deigarriak ez badira ere, bere isatseko lumen gorri biziak (luma hauek oso preziatuak dira Afrikan) primeran ematen dio hegaztiari. Gauza jakina da hegazti hau gizaki ahotsaren imitatzaile hoberenetarikoa dela. Pertsonen inguruan urtebete inguru igaro ondoren, tamaina handiko (30 cm inguru) loro hauek isilezin bilakatzen dira, hasieran soinu sinpleenak erreproduzitzen ikasiz (etxeko tinbrea, txakur zaunkak..) eta, ondoren, esaldi luze eta konplexuak esan eta gogoratzeraino iritsiz. Hau guztia bere mihi eta eztarri formari esker burutu dezake, baina talentu hau guztia bere bizkortasunari zor zaio hein handi batean. Bere inteligentzia (4 urteko pertsona batenarekin pareka daitekeena) dela medio, fonetikaren maila gainditu eta esaten ari den hitzak edota esaldiak ulertzeraino ailega daiteke. Halaber, animalia hitzontzi hauek etxekide apartak dira, betiko lagun minak ezbairik gabe eta, ez bakarrik adiskidetasunean primerakoak izateagatik, literalki horrela delako baizik; izan ere, 50-60 urteko adinera irits baitaitezke!.

Pribilegiatuki garatua duen adimen eta mintzatzeko erraztasuna aipatu ditudan bezalaxe, kontuan hartzekoa da ere horrek guztiak ikasketa prozesu gogorra suposa dezakeela loroarentzat jabearen eskutik; izan ere, aurretik aipatutako guztia ikas dezan pazientzia eta eguneroko lan eta konstantzia ezinbestekoak baitira . Horrela ez bada, hots, animaliatxoa kaiolan giltzapeturik besterik gabe uzten badugu, ez du gauza handirik ikasiko eta ziur aski kanario baten antzeko apaingarri gisako papera burutuko du.

Aitortu beharrean nago nire artikulurako loro grisa aukeratu izana ez dela kasualitate hutsa izan, nik neuk etxean lagun hegodun hauetako bat izateko aukera eta zortea biak baititut. Hudoen artikuluan esan nuen moduan, maila honetako animalia bat izateak erantzukizun handia suposatzen du, aintzat hartu beharrean baikaude burdin trangen atzean dauden izaki horiek bizirik daudela eta bertan ez daudela soilki altzari gisa. Arrazoi horrexegatik, elikadura eta kaiolaren garbitasunaz gain, gure loroak edota bestelako animaliek gure maitasun eta arretak beharrezkoak dituzte, baita merezi ere! Horrela, bada, euren egoitza ahalik eta erosoen izan dadin eta, aldi berean, zoriontsuak izan daitezen saiatu beharko genuke ezbairik gabe.

Artikulua irakurtzerakoan yacoarekiko interesa piztu eta animalia honi buruzko xehetasun gehiago jakin nahi baduzue, klikatu hemen edo hemen.



 

Get free blog up and running in minutes with Blogsome | Theme designs available here