Hitzaro euskara elkartetik jaso dugu iraila-urriko Ordizia Kantuz egitasmoaren berri. 5 emanaldi prestatu eta dagoeneko horietako bi pasa diren arren, euskaljakintzan egitarau osoaren berri eman nahi dizuegu.
Ondorengoak dira hemendik aurrera ikusgai izango ditugunak:
Azpimarratzekoa da gure lankide Anari entzuteko aukera izango dugula hurrengo ostegunean (Barrena Kultur Etxean, 21:30ean). Pantxoa eta Peio ere Ordizian izango ditugu kantu afarian. Jendearekin batera ohiko kantu tradizionalak abesteaz gainera, disko berriaren aurkezpena egingo dute urriaren 20an Ordiziako Plaza Nagusian eskainiko duten kontzertuan. Kantu-liburuxkak, ogitartekoak, sagardo-kupela, garbiketa… Lanak izango dira guztia ondo antolatzen! Hitzaro Euskara Elkartetik laguntza eskertuko lukete; beraz, norbait egun horretarako sortuko den lan-taldean laguntzeko prest egongo balitz, bulegora deitu (943 162366) eta izena ematea besterik ez du. Euskaljakintzatik emanaldi ezberdinetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu!
Udako azken joan-etorriak ematen ditugun bitartean, urteroko kantak eta koplak errepikatzen dira. Behin eta berriz ikasturte berriaren hasiera dela, ikasle berrien sarrera eskoletan, honelako matrikulazio zenbakiak izan direla, batzuk hizkuntza eredu batean eta beste batzuk bestelakoan… Dena berri den ikuspuntutik begiratuta. Dena den, horrekin batera urterokoa den ekintza garrantzitsu bat ere aipatu beharrean gaude, udazken hasieran izan ohi den bezala, KILOMETROAK, euskararen festa eguna.
Aurtengoan, Gipuzkoako Oiartzungo HAURTZARO ikastolari eta nola hala herritar asko eta asko bildu diren lan taldeei egokitu zaie egunaren ekitaldiak antolatzea. Ez da, ez, egun bakarreko lana. Aurretik sekulako kezka, urduritasuna, gogoa, motibazioa, interes berezia baina desinteresatua, denbora, tokia, irudimena, pertsonak, lagunak, herritarrak, kanpotarrak, haurrak, helduak… Denak prest datorren urriaren 1ean izango den festa erraldoiak oihartzun paregabea izan dezan eta gure hizkuntzak behar duen bultzada etengabea gizarteko esparruetan gero eta presentzia biziagoa islatuz, euskal nortasuna nabariagoa izan dadin herrian eta baita mugaz kanpo ere. Gu ere, oiartzuarrak izan gabe, partaide bilakatuko gara eta egun horretan han izango gara. Denoi gonbitea luzatzen zaigu eta nola huts egin?
Arrazoiak ugari dira gipuzkoarra izan arren, nafar kutsuaz zipriztinduta dagoen toki polit honetara hurbiltzeko: natura, mitologia eta eguzkia, besteak beste. Aiako Harria, Oiartzungo bizitzan elementu garrantzitsua; intxixua, pertsonaia mitologikoa, txikia baina laguntza ematen duena eta eguzki izpiekin batera, eguneko ardatz bihurtu diren ezaugarriak izango dira.
Ekintzetarako izango diren gune bereziak zazpi paradatan ikusgai izango dira eta txiki, gaztetxo, heldu eta adinetuentzat aurreikusita daude: jokoak, naturarekin lotutako ekimenak, bertso, kantu, kopla, era desberdinetako musika entzunaldiak, pailazo, pertsonaia bereziak … eta guztion alaitasunerako aski ezagunak egiten zaizkigun Alaitz eta Maider abeslari bikoteak musikatutako kanta, INGOYEU! INGOÑEU! lelopean.
Lanean berriz bizi-bizi eta euskararen inguruko aipamenak nonahi. Kementsu iraun dezagula hasi berri dugun aukera eta ekitaldia, beti aurrerako bidean pausoka urra dezagun geurea dugun herria eta etorkizun euskalduna.
Hona hemen edizio honetako abestia eta hitzak, eguna iritsi bitartean, entseatzen joan zaitezten:
Dagoeneko urduritzen hasiak bazeundeten ere, ekin diogu ikasturte berriari eta honekin batera, nola ez, euskaljakintza aurrera eramateko planari. Euskarako klaseak emateko erabiltzen dugun era berri hau askoren lana eta esfortzuari esker egina da. Aurtengoan, 25 ikasle xumek osatzen dugu DBHO 2ko gela eta artikulu eta euskararako baliagarri diren hainbat ideia argitaratuz joango gara, bloga osatzen, egunez egun. Izan ere, ez gaude orain arte euskaljakintza irakurtzen zenuten guztioi zer irakurri ez dakizuela uzteko prest !!
Zoriontzekoa da, bestalde, joan den urtean gure ikaskide izandakoek egindako lana, ospe handia eduki baitu zuek egindako ahaleginak, ez baita ahaztu behar euskaljakintzak jaso zuen saria. Horregatik, espero dugu tarteka zuen artikuluez jendea aho zabalik uzten jarraitzea. Urte honetako lan zabala ikusirik, ez gaude hori guztia ezerezean uzteko prest eta ea guk ere beste hainbeste egiterik dugun!
Niri dagokidanez, esan, iaz blog berri bat egiten hasteko ausardia izan nuela lagun batekin, baina bistan geratu zen ez dela goizetik gauera blog bat jendaurrera irteten, ideia berri asko eta lana suposatzen baititu. Nik uste, ideia honekin bat etorriko direla bloga egiten saiatu ziren gainontzeko kideak. Egia esan, pixkanaka hazten joan den euskal blog ezagunenetariko batean parte hartzeko abagunea ez da egunero edukitzen. Hori dela eta, pil-pilean dagoen orri honekin jarraitzeko gogo biziz nago. Egia esan, iazko ikasturtean orri honetan artikulu pare batean parte hartu nuen eta bizpahiru iruzkin idaztera ere ausartu nintzen!
Iazkoei lekukoa hartu ostean, gaurtik aurrera gure esku dago euskaljakintzaren geroa; beraz, ekin diezaiogun lanari lagunok!!!
Irailaren 20an, irratia entzunaz esnatu nintzen. Ohean biraka nenbilela, Radio Euskadiko arratsaldeko programazioaren berri ematean, Jungla sonora izeneko irratsaioan duela hogeita hamar urte Erresuma Batuko historian izan zen lehenengo punk kontzertua bergogoratuko zutela iragarri zidaten. Berri ederra, poz-pozik jaikitzeko modukoa. Lehenengo kontzertu hartan, gainera, beste zortziren artean, The Clash maiteak agertzen zirela eta gogo handiagoz hasi nintzen etxeko iratzargailu guztiak programatzen arratsaldeko hiruretan irratiaren uhinetan murgildu ahal izateko.
Subway Sect, Siouxsie and the Banshees, The Clash, Sex Pistols, Chris Speeding and The Vibrators, Stinky Toys frantsesak, The Damned eta The Buzzcocks. Kontzertu hauek duela 30 urteko irailaren 20 eta 21ean, astelehen eta asteartea, hurrenez hurren, burutu ziren inork ez baitzituen asteburuko kontzertu jendetsuak albora utzi nahi. Oxford Street-eko 100 Club-ean burutu zen jaialdi honetan, badirudi ondoren talde famatuetan parte hartuko zuen jende ugari bildu zela; Sid Vicious, Sex Pistols taldeko bajulari izango zenak, adibidez, han egin omen zuen lehenengo hanka-sartzea. Jarraian entzun ahal izango duzuen irratsaio honetan webgune interesgarri baten erreferentzia ematen dute: www.punk77.co.uk
Hemen duzuen grabaketan, salta dezakezuen “Le pon de madux”en abesti bat sartu zait nahi gabe (irratsaioan emandakoa, osorik baitago). Seguruenik, entzun aurretik tartetxo batean kargatzen utzi beharko duzue (irratsaioa nahiko luzea da eta, sentitzen dut, baina gaztelaniaz dago). Goza ezazue, beraz. Agian, bihar Punk musikak berriro hartuko du garai batean izan zuen indarra…
Bide batez, ez ahaztu azkeneko bi artikuluetan hartutako gaiak gaur egun berriro jarri direla abian. Batetik, Dragoi Bolan jadanik Namek planetara heldu dira eta aurki Freezer-en aurka borrokatuko dute eta, bestetik, Oliver eta Benjik gutxi falta dute munduko kopa irabazteko.
“Maite, gaur Xabier azaltzen da Diarion. Gipuzkoako espediente akademiko onenenaren saria jaso du…” Horrelaxe hasi dut goiza, albiste hobezin honekin! Gero, dei gehiago, azkenean egunkaria nire eskuetan izatea lortu dudan arte. Hantxe zegoen bera, Diarioko lehenengo orrialdean, hain berezko duen lotsa-ausardia punttu horrekin kamerari begira…
Elkarrizketa arretaz irakurri dut: motibazioa, lan ohiturak eta konstantzia aipatzen ditu. Erabat ados. Nik uste dut hortxe dagoela guztiaren giltza. Egunero ditugun eginkizunetan, edozein direlarik ere, pasioa, gogoa eta ikasteko eta hobetzeko grina jarriko bagenitu, gauzak oso bestelakoak lirateke zentzu guztietan…
Xabierri buruz gauza asko esan daiteke: idazteko duen sentsibilitate berezi hori (azken urteotako Beasain Idazlehiaketako sariak edo euskaljakintzan idatzitakoak lekuko), zientzia arloko gaiei heltzeko maiz erakutsitako heldutasun eta sakontasuna, marrazteko duen aparteko gaitasuna (ikastolan edonon aurki daitezke berak egindako horma-irudiak)… Gogoan ditut, bereziki, Harkaitz Canori egindako irrati-elkarrizketa, euskaljakintzari buruz idatzitako artikulu paregabea edo iaz DBHO 1ekoek Fisikan egindako lanekin burututako bideoa.
Dena den, nire ustez, badu zerbait hori guztia baino garrantzitsuagoa, ikasketa mailarekin lotura zuzena ez duena: pertsona bezala duen kategoria. Xabier, zorionak, bihotz-bihotzez! Onena opa dizugu euskaljakintzako guztiok zure ibilbide berrian.