Aupa denoi!! Aspalditik mutu zirauen ikasle ohi honi hitz batzuk esatea otu zaio gaur. Atsegina da noizean behin tartetxoren bat “aspaldiko” garaiak gogoratzeko erabiltzea. Eta zer euskaljakintzan artikulutxo bat idaztea baino hoberik horretarako?
Osteguna da. Proiektos-eko klase frenetiko baten ostean, zer egin ez nekiela geratu naiz 19:15eko autobusa iritsi bitartean.
Bai, zinez klase gogorra izan da. “Estresantea” askoren hitzetan. Zer eta arkitektoetan arkitektoena, handietan handiena, guretzat ia-ia aita saindua bera den Mies Van der Rohe arkitektu ospetsuak eraikiriko Bartzelonako Pabilioia klase bakar batean teknikoki marrazteko erronka planteatu digu Mungi-k, irudigintzako irakasleak, perspektiba axonometrikoan: jesukristoren lana, edo Van der Roherena, nolabait esateko.
Irudia. Horixe dugu arkitekturako ikasleok eguneroko ogia. Irudikatzea da gure lana: forma geometrikoak, eraikinak, eskaiolazko estatuak… Ez da, ordea, ikusten dena baino irudikatu behar. Baita ikusten ez dena ere. Gauzen estrukturaz mintzo naiz, alegia. Izan ere, guztia baitago estruktura batek baldintzaturik: zuhaitzak, giza gorputza… eta noski, baita eraikinak ere. Estruktura zuzen irudikatu ostean, kanpoko azalak bide zuzena eramango du eta mila bider zailagoa izango da gure irudikapena txarto burutzea.
Horiexek dituzue Mungiren azalpenak. Amen esatea baino ez, aditu ostean. Ostera, hori guztia praktikara eramatea ez da hain erraza.
Baina utz ditzagun azalpen teorikoak alde batera, ez baita arkitektura irakastea artikulu honen xedea; karrera honek eragin dizkidan erreflexioez mintzatzea da ene helburua. Beraz, gatozen harira.
Karrera teknikoagoa izango zela pentsatzen nuen hasiera batean. Txiki-txikitatik zientzien, zehaztasunaren, eztabaidaezintasunaren segurtasunak erakarririk, letrak albo batera utzi eta zenbakiak hautatu nituen lagun. Segurtasuna, horixe guztiaren gakoa. Zehatza ez zen eta eztabaida zitekeen, subjektiboa izan eta aukera bakar eta zuzenik ez zuen orok ez ninduen erakartzen, nonbait. Beldurra agian? Izan daiteke. Baina badago zerbait gehiago, ene uste apalean: alferkeria.
Bai, alferkeria.
Inbestigazioaren aurreko alferkeria. Edo amaierarik gabeko lanaren aurrekoa. Horixe baita inbestigazioa, amaierarik gabeko lana. Aukera asko baitaude letren alorrean. Bide ugari baitaude testu bat idazteko, istorio bat kontatzeko edota artikulu bat idazteko. Gauzak esateko modu asko. Eta guztiak azaleratzea, horietan guztietan pentsatzea… lan handia suposatzen bide zuen horrek. Amaierarik gabekoa nahi izanez gero; beti baitago testu, istorio edota artikulu bat hobetzeko aukera.
Subjektibotasuna eta lana, beraz. Ordea, zer da, bada, arkitektura? Arte honen inguruko bi osagai aipatu beharko banitu, horiexek aipatuko nituzke, nire harriduraren aurrean. Gaur arte arbuiatutakoa dut egungo gai: nire beldurrei aurre egitea egokitu zait.
Eta bi hilabete pasa ondoren, hauexek dituzue nire ondorioak: alde batetik, subjekktibotasuna erlatiboa dela konturatu naiz. Subjektibotasuna ez dela erabat subjektiboa. Agian objektibotasunetik gehiago duela subjektibotasunetik baino. Izan ere, beharrizanaren arabera irekiko baitira beti leihoak, jarriko baitira beti altzariak eta antolatuko baitira gela desberdinak. Beharrizanak arautzen baitu guztia. Arkitekturak badu, beraz, arrazionaltasun garbia. Eta noski, arrazionaltasuna, logika, eztabaidaezintasuna… ongietorriak dira.
Bestetik, lana eta alferkeria erlazionatzeak zentzurik ez duela aipatu nahi nuke. Plazera dakarkigun zerbait egitearen aurrean alferkeria sentitzen al dugu inoiz? Garbi dago ezetz. Hortxe dago, bada, guztiaren gakoa: gauzak gozatuz egitean, gauzei erakargarritasuna bilatzean, lana bizitzean. Edota lana eta plazera erlazionatzean. Horixe alferkeriaren aurkako armarik bortitzena.
Baina ez dut gehiago luzatu nahi. Ezin dut, ordea, artikulua amaitu honakoa esan gabe: proiektatzeko ezinbestekoa da egungo bizimodua, ohiturak eta beharrizanak kontuan izatea, beraz, egungo gizartea edota egungo mundua ulertzearen beharra sortzen da. Ez hori bakarrik, materialen erreakzioak, indarrak eta energiaren domeinuak menperatzea ezinbestekoa da, fisika eta kimikaren alorrak ere hor daudelarik. Eta, noski, matematika eta geometria uneoro daude buruan jira-biraka. Dena aldi berean.
Baina arkitektura ofizio bat baino zerbait gehiago da: norberaren burua ezagutzeko modu bat, pertsona bezala hezitzeko, inguruaz gozatzeko, ingurua maitatzeko bide bat edota naturarekin hitz egiteko aukera bat. Bizitza politagoa egiteko, bizitzaz gozatzeko modu bat, alegia.
Eta, noski, ongietorria da.











Aupa, Xabier! Zer moduz bizimodu berria? Gogorra? Eskerrak tartetxo bat, behintzat, utzi dizula euskaljakintzan idazteko (jakingo bazenu ze poza ematen didaten ikasle ohien artikuluek!
. Espero dut hurrengo batean ere oparituko diguzula beste bakarren bat, bitartean ondo-ondo segi.
Ahhh! Mies Van der Rohe izugarri gustatzen zait. Ia egindako guztia, baina bereziki berak diseinatutako eserleku hau (ederki geldituko litzateke nire etxeko egongelan):
Comment bidaltzailea Maite — 2006-12-5 @ 0:29
Iepa!!
Pozten naiz, Maite, artikulua gustuko izan duzulako (Van der Roheren linkaz konturatu naiz!!)Badakizu ikasle ohiok denbora libre apurtxo bat izateko zain gaudela Euskaljakintzan idazteko
. Kuestioa da artikulu hau zuen erreflexioa bultzatzeko idatzi dudala gehien bat, nirea zuentzat baliagarri izan dadin. Eta pixka bat gozatzeko ere bai, noski!!
Banekien Van der Rohe gustuko izango zenuela, Maite. Badakizu? Le Corbusier ere oso ondo dago; hemen duzu bere argazki bat.
(Nabaritzen ez bada ere, guztiz iraultzailea zen)
Comment bidaltzailea xarana — 2006-12-6 @ 12:22
Bueno, bueno, Xabi!!! Ezagutzen nauzu, bai! Behin baino gehiagotan ibili naiz Le Corbusier hau (irudian azaltzen dena) erostekotan, baina nire ustez kristalera handi baten ondoan jarri beharko litzateke, Prousten zerbait irakurtzen ari zaren bitartean (frantsesez, noski!) liburuaren azken letraraino argitasuna sartu eta, noizbehinka, istorioan pausatutako begirada altxa eta Txindokiren presentzia irmoaz gozatzeko… Lastima, baina ez dut oraindik toki aproposik aurkitu horretarako!!
Comment bidaltzailea Maite — 2006-12-6 @ 15:02
Aupa Xabi
Hire bidalketa irakurri ondoren jakinminez gelditu naukela onartu behar diat. Izan ere, torlojuak egiten dituen lantegi batek, honek lantegia uzten duenean, bere produktuaren jarraipena egiten duen bezala, irakaskuntzan ere gure “produktuaren kalitatearen” inguruko informazioa jaso nahi izaten diagu, baina, zoritxarrez, gehienetan ez duk batere erraza izaten. Hire bidalketak pista interesgarri batzuk ematen ditu
Irakasleok kezka ugari izaten dizkiagu gure lanaren emankortasunari buruz; zalantza asko izaten dizkiagu gure ikasleen formazioaren inguruan, eta ez nauk ari bakarrik eduki soiletan oinarritutako formazio akademikoari buruz. Erronka berrien aurrean erantzuteko gai izango diren gizabanakoen formazioari buruz ari naiz.
Horregatik, hementxe botatzen diat nire proposamen txikia: zergatik ez duk blog bat sortzen, hire ikasle esperientzia bertan azalduz? Gehiago esango nuke; aukerarik ikusten al duk, ikasle ohi talde bat elkartu, eta norberak bizitako esperientzia pertsonalak blog amankomun batean islatzeko? Hik, jadanik, badaukak esperientzia blogekin, zer diren eta nola mantentzen diren ez duk arazorik hiretzako. Beraz, gauzak kontatzeko gogoa izatea duk bakarrik falta dena. Zer diok?
Nik uste diat zuen berri izatea, zuen esperientzia partekatzea, onuragarria izango litzatekeela bai irakasle, baita batxilergoan dabiltzan ikasleentzat ere.
Horrelakorik egiteko aukera ikusten baduk, jar hadi nirekin harremanetan betiko posta helbidean eta hitz egingo diagu nola eraman aurrera blog hori.
Hire erantzunaren zain geratzen nauk.
Ondo segi.
Comment bidaltzailea jolaus — 2006-12-6 @ 22:53
Aupa, Jokin
Zure proposamena arreta handiz aztertu ondoren, lehenik eta behin, izan duzun ideiagatik zoriondu nahi zintuzket. Ezohikoa eta polita izateaz gain, ikasleon gaineko ardura ere azaltzen du. Gainera, gure arteko harremana etetea galarazteko modu bat izan liteke. Hala ere, nire zalantzak ditut proposamen honek funtzionatuko lukeenaren inguruan.
Jendearen gogoan zentratzen dira nire zalantzarik handienak. Gauzak kontatzeko gogoa izatea da gauzarik garrantzitsuena, zuk zeuk diozun bezalaxe. Baina gutxi izan dira txoko honetan idazten jarraitzera animatu diren ikasle ohiak; zoritxarrez, gehiengo handi batek euskaljakintza ahaztua du erabat, edo ez du jada idazteko gogorik. Beraz, proposatzen duzun blogerako oso pertsona gutxi animatuko liratekeen susmoa dut, euskaljakintzan gertatu dena aztertu ondoren.
Badakizu garai batean animatu nintzela blog pertsonal bat sortu eta bertan idaztera. Ordea, abandonatuta geratu zen azkenean, bertan idazteko nuen denbora murritz eta gai eskasiaren ondorioz.
Ez dut hiltzera predestinatuta dagoen bigarren blog baten aita izan nahi.
Zuk, Maitek eta Mikelek IKTeroak-ekin eginikoa izugarria dela irizten dut, baina guri falta zaizkigun gogo, denbora eta gaiak dituzuela uste dut. Pena handia ematen dit horrelako zerbaiti ezetz esateak, baina errealistena hori dela esango nuke. Zure iniziatiba miresteko modukoa da, benetan, ondo baitakizu IKTeroak, euskaljakintza eta beste hainbat blog beharbada ez zirela existituko mundu honetan sartu izan ez bazina, edo hori pentsatzen dut nik. Baina handietsi egin gaituzu beharbada.
Dena dela, ez diot ideiari ezezko biribila ematen; ikasleon artean galdetuko dut ea jendeak zer irizten duen. Taldetxo bat biltzeko zortea badut, ongietorria izan dadila!
Comment bidaltzailea xarana — 2006-12-7 @ 20:27