Euskaljakintza gu gara!
Hemen klikatuz Jakintza Ikastolako blog guztiak ikusteko aukera izango duzu


  • entzun

2.0 baliabideak

EUSKARA kontsultarako

EUSKARA ariketak

EGA

zalantzak galdetu

aisia euskaraz

bestelakoak


Arauak 20: HITZ ELKARTUEN OSAERA ETA IDAZKERA | # |

Arauak lantzen —Maite—17:07
2007-05-19

JakintzaArauak lantzen ikastaroarekin jarraituz, hitz elkartuen osaera eta idazkeraz arituko gara gaurkoan. Erraza badiruri ere, arau konplexuenetarikoa da dituen salbuespen mordoagatik. Pasa gaitezen, bada, atal guztiak ahalik eta garbien azaltzera.


HITZ ELKARTUEN OSAERA ETA IDAZKERA

Orokorrean:

Salbuespenak ez badira, hitz elkartuak orokorrean bi modutara idatziko dira: bereiz eta marrarekin edo marra gabe, nahi den bezala (kontuan izan behar da salbuespenak ugariak direla).

eguzki lore, eguzki-lore moduko izen elkartu arruntak, eta

kale garbitzaile, kale-garbitzaile modukoak.

(Bi hitzak letra larriz hasten direnean hobe da, hala ere, marra gabe idaztea).

SALBUESPENAK:

1. Bereiz idatziko dira:

aposizioak (Bidasoa ibaia),

egin, eman, hartu eta eragin aditzekin osatzen diren aditz elkarteak (lo egin),

etxez etxe moduko bikoiztapenak (adi, lehenengo osagaia deklinatuta dago etxez),

egin berri modukoak (kontuz, hasiberri eta ezkonberri salbuespenak dira),

mahai gainean, aste barruan gisako postposizioak,

— bigarren osagaia bila, eske edo falta duten elkarteak (diru bila, diru eske, diru falta),

— lehen osagaia erdal, euskal, giza eta itsas duten elkarteak (erdal gramatika, euskal idazleak, giza zientziak, itsas garraioa…), ihartuak ez diren neurrian (itsasgizon, elizgizon, gizalege, itsasontzi…), eta

— lehen osagaiaren amaierako >a< galtzen denean (biologi azterketa, literatur lehiaketa…). Laugarren puntuan azaltzen da kasu hau bere osotasunean.

2. Marrarekin idatziko dira:

gorri-gorria moduko bikoiztapen indargarriak,

apurka-apurka bezalako bikoiztapenak,

seme-alabak, zuri-gorri modukoak,

barra-barra, plisti-plasta bezalakoak,

Ezkio-Itsaso moduko leku izen elkartuak (bi hizkuntzatan ematen direnean, ordea, ez: Lizarra/ Estella).

3. Loturik idatziko dira:

jarleku (aditzoina + izenondoa) moduko elkarteak (egongela, salneurri, jokamolde…)

aldagaitz (aditzondo + izenondoa) bezalako izaera elkarteak (irakurgaitz, sinestezin, ulerterraz…)

odolustu (izena + aditza) moduko izen-elkarte arruntak (indargabetu, indargaldu, azpimarratu…),

—bigarren osagaia -gin, -gile, -zain, -zale, -dun, -gabe edota -gintza,-za(i)ntza duten elkarteak,

—bigarren osagaia -aldi, -buru, -gizon, -(g)une, -kide -(k)ume, -orde duten izen elkarteak (langile, atezain, dirudun, lotsagabe, solasaldi, asteburu, legegizon, lankide, kalekume, zuzendariorde, aztergai…),

— lehen osagaia aurre-, azpi- eta -gain duten izen elkarteak (aurreikuspen, gainbegirada, azpimultzo…), eta

lauburu (zenbatzailea + izena) moduko elkarteak (hiruhortz, ehunzango, begibakar…)

4.>a<-rekin nahiz >a< gabe idatz daitezke:

- Elkarteko lehenbiziko osagaiak >ia< amaiera duenean (biologia, filosofia, bidaia…): biologi azterketa, biologia(-)azterketa.

- Bestelako >a< itsatsiak ez dira galtzen elkarketa egiten denean, eta hitzak bere osotasunean eman behar dira. Salbuespen dira, dena dela, honako sei hitz hauek: burdina, eliza, hizkuntza, kultura, literatura eta natura. Hitz hauek, hala nahi izanez gero, gal dezakete >a< hori. Beraz, sei hitz horiek hitz elkarketaren lehenengo osagai bezala azaltzen direnean, elkarketa horiek 3 modutara eman daitezke: literatur saria (>a< kenduta eta marratxorik gabe), literatura (-)saria). Beste modu batera esanda, amaierako >a< galtzen den bakoitzean, bereiz idatziko da hitz elkartua eta >a< gordetzen denean, aukeran izango da bereiz idaztea nahiz marratxoa erabiltzea:

  • kultur etxea, kultura(-)etxea
  • biologi azterketa, biologia(-)azterketa

* Kontuan izan parentesia azaltzen den bakoitzean (-) , barrukoa aukeran dagoela adierazi nahi duela.

Araua osorik.

Gehiegi, ezta? Bada, ez uzkurtu! Praktika pixka batekin berehala ikasten da eta… :wink:

praktika



Arauak 19: NOR/NORTZUK eta EKARTZEA MEREZI DU. | # |

Arauak lantzen —Maite—1:21
2007-03-9

Jakintza Gaurko saioan bi arau landuko ditugu:

  • Nor/nortzuk, zer/zertzuk, zein/zeintzuk
  • Ekartzea merezi du

Lehenengoan, antza denez, nahasketa txiki bat ematen da. Izan ere, ia denok pentsatzen baitugu nor, zer eta zein galdetzaileek singularrerako baino ez dutela balio eta forma hauen pluralak nortzuk, zertzuk eta zeintzuk direla. Hori ez da horrela eta jarraian ikusiko dugu. Bigarren arauak ere eragiten du hainbat zalantza erabilera arruntean. Nork ez du noizbait esan ” Ekartzeak merezi du” edo horrelakoren bat? Jakin dezagun, bada, erabilera hori ez dela zuzena. Baina zergatik? Nola esan behar da? Hurrengo lerroetan bi erabilera oker horiek ahalik eta modu errazenean azaltzen saiatuko naiz. Azter ditzagun urratsez urrats biak.

NOR/NORTZUK

Nor, zer eta zein galdetzaileek singularra zein plurala adierazteko balio dute, ez singularrerako soilik uste ohi den bezala. Are gehiago, pluralak egiteko forma hauek hobesten dira:

- Nor (Nor etorri da? / Nor etorri dira?)

- Zer (Zer da? / Zer dira?)

- Zein (Zein etorri da? / Zein etorri dira?)

Edonola ere, ondorengo forma hauek ez daude oker, gertatzen dena da forma markatu gisa erabili behar direla eta aditzak pluralean joan behar du ezinbestean:

- Nortzuk (Nortzuk etorriko dira gaur?, Nortzuek egin dute hau?)

- Zertzuk, (Zertzuk ekarri dituzu?)

- Zeintzuk (Zeintzuk dira gureak?)

Honela deklinatuko dira: nortzuk (nor), nortzuek (nork), nortzuei (nori), e.a.

Araua osorik.



EKARTZEA MEREZI DU

Merezi izan/ukan aditzaren osagarria aditz izen bat denean (joatea, ikustea, egitea) NOR (absolutiboa) erabiliko da, eta ez NORK (ergatiboa) :

  • Joatea merezi du (zuzena). *Joateak merezi du (okerra).
  • Ikastea merezi du (zuzena). *Ikasteak merezi du (okerra).

Araua osorik.


praktika



Arauak 18: Partitiboaz. | # |

Arauak lantzen —Maite—23:55
2007-02-28

Jakintza Gaur, partitiboaz mintzatuko naiz. Partitiboa kasu berezi samarra da eta, maiz aparte aztertzen bada ere, NOR kasuaren azpikasu bat bezala hartu behar da. Kasu hau zerbait zehaztugabea denean erabiltzen da eta, izan ere, mugagabeari dagokion kasu-marka baino ez dauka.

PARTITIBOAREN ERABILERA OKERRA

Partitiboa artikulurik gabe, mugagabean, erabiliko da, beti erabili izan den moduan:

- Lanik (konts + -ik)

- Libururik (bok + -rik), e.a.

Eta aditza singularrean erabiliko da:

- Ez dut libururik erosi. (Ez ditut libururik erosi)

- Ez dut lanik egin. (Ez ditut lanik egin.)

Erabilera okerrak dira, beraz, honako hauek: Ez dituzu lagun onik aurkituko. Aspaldian ez ziren entzuten horrelako hitzik. Ez ditut egin horren aipamenarik; e.a.

Araua osorik.


praktika



PARTITIBOA BAIEZKO PERPAUSETAN NOIZ ETA NOLA

Baiezko perpausetan partitiboa balio enfatikoa emateko erabiltzen da, indartzeko, alegia. Eskuarki, izan, egon, eduki eta ukan aditzekin joaten da (halakoetan, normalean, izenak sintagma adjektibal bat behar du ondoan. Izena soilik utzi nahi bada, interpretazio zuzena egiten lagunduko duen eran jarri behar da). Azter ditzagun ondorengo adibideak zertaz ari garen jakiteko:

  • Badauka lanik konjuruak egiten (ondoan izenondoa balu bezala ulertzen da, lan handia edo zaila duela esan nahi da).
  • Izan da aldaketarik?
    • Bai, izan da aldaketarik [ edo aldaketa sakonik] (bi garairen artean gertatutako aldaketa azpimarratu nahi denean).
    • Bai, izan da aldaketa (baiezko hutsa denean).

Araua osorik.


praktika



Arauak 17: BAT, BATA eta BATZUK. | # |

Arauak lantzen —Maite—0:42
2007-02-22

JakintzaGaurko saioaren helburua bata eta bestea artikulu zehaztugabeez aritzea da (jatorriz zenbatzaileak). Artikulu zehaztugabeak bi forma dauzka: bata singularrerako (bat) eta bestea pluralerako (batzuk).

  • Singularra: BAT (Gizon bat)
  • Plurala: BATZUK (Gizon batzuk)


Bat hitzak bi deklinabide-mota ditu:

1. Bata deklinabide mugatuari dagokionean erabiltzen da, beste hitzari kontrajarria agertzen denean soilik.

  • Bata etorri da; bestea, ordea, ez (ezagunak dira, badakigu nor diren).

2. Bestea, deklinabide mugagabea (bat), gainerako kasuetan erabiltzen da.

  • Batek esan du hori (mugagabea, ez dakigu nor den bat hori).

Kasua

Mugagabea

Mugatua

Plurala

Nor

Bat

Bata

Batzuk

Nork

Batek

Batak

Batzuek

Nori

Bati

Batari

Batzuei

Noren

Baten

Bataren

Batzuen

Norentzat

Batentzat

Batarentzat

Batzuentzat

Norekin

Batekin

Batarekin

Batzuekin

Zerez

Batez

Bataz

Batzuez

Non

Batean, baten

Batean

Batzuetan

Nongo

Bateko

Bateko

Batzuetako

Nora

Batera

Batera

Batzuetara

Nondik

Batetik

Batetik

Batzuetatik

Erabilera okerrak dira, hortaz: batetan (egun batetan), batetako (herri batetako), batzu (lagun batzu etorri dira), batzutan (egun batzutan), e.a.

Araua osorik.

Praktika bat/beste

Praktika batzuk



Arauak 16: izan ezik eta ez ezik. | # |

Arauak lantzen —Maite—7:30
2007-02-14

JakintzaGaurko saioan izan ezik eta ez ezik bereizten saiatu behar dugu. Nik uste dut teorian denok dakigula adiera eta funtzio ezberdinak dituztela baina, antzekoak direlako edo, praktikara eramatean izugarrizko nahastea sorrarazten digu: Jon ez ezik, gainerakoak etorri dira ala Jon izan ezik gainerakoak etorri dira? Pasa gaitezen, bada, araua urratsez urrats azaltzera.

Hasteko, esan beharra dago ezik ezin dela inoiz bakarrik joan. Beraz, izan ezik edo ez ezik erabiliko da (esan nahi denaren baitan), eta ez ezik soilik.

Izan ezik

Salbu adiera eman nahi dugunean, izen-sintagmari izan ezik erantsiko zaio. Aurrean doan sintagmak dagokion kasu-marka eramango du:

- Debekatuta dago autobusentzat eta taxientzat izan ezik.

- Teologiaz izan ezik, beste edozertaz daki hitz egiten.

Hurrengo adibidean argi ikus daitekeen bezala, NORK kasuan, posible da NOR kasua erabiltzea izan ezik esapidearen aurrean:

- Horixe egingo luke, zuk izan ezik, beste edozeinek, edo

- Horixe egingo luke, zu izan ezik, beste edozeinek.

Ez ezik

Esapide honek beste adiera bat du: gehitu egiten du. (Gaztelaniazko: no sólo… sino también). Emendiozko esapide hau aurreko juntagaiaren atzean ez ezik eta bigarrenean ere lokailua gehituz eratzen da. Hona hemen zenbait adibide:

- Ikusi duzu kamioi berri hori? Ikusi EZ EZIK, gidatu ERE egin dut.

- Hau EZ EZIK, gainerakoak ERE ederto eginda daude.

- Maite EZ EZIK, beste guztiak ERE etorri dira.

Gogoratu:

  • Izan ezik (=salbu) eta ez ezik desberdinak dira.
  • Ezik ezin da inoiz bakarrik joan.

- Teologiaz izan ezik (salbu), beste edozertaz daki hitz egiten. (Teologiaz ez daki.)

- Teologiaz ez ezik, beste edozertaz ere badaki hitz egiten. (Teologiaz badaki.)

Araua osorik.

Praktika



hurrengo orrira >>
 

Get free blog up and running in minutes with Blogsome | Theme designs available here