Oraindik ez dakizu? Helbide honetan gaude:
http://www.euskaljakintza.com



Irailaren hasieratik aurrera, azken bi urteetan ostatu eman digun blogsome utzi eta gune propioan kokatu gara. Gure berri izan nahi baduzu, joan euskaljakintza berrira edo gaurkotu gure jarioa.
Egun hauetan, blog zaharra euskaljakintza berrira birzuzenduta dugu, hots, ezertxo ere gin gabe hemen sartzen bazara segundo batzuen buruan euskaljakintza berrian azalduko zara. Dena den, hau hasieran baino ez da izango, birzuzentze hori kentzeko asmoa baitaukagu. Kentzen dugunean, blog hau erabat erabilgarri baina zaharkitua geldituko da. Hortaz, gure artikulu berriak irakurri edo lan berriak kontsultatu nahi badituzu, gure helbide berrira aldatzea edota jarioa eguneratzea aholkatzen dizugu.
Ez ahaztu! Gurekin jarraitu nahi baduzu, zatoz euskaljakintza berrira!
Ostiral goizean, zuek hautaprobetako azken azterketak egiten ari zineten bitartean, Bartzelonara abiatu nintzen gure sariaren bila. Bakarren bati euskarako azterketaz galdetu diot eta badirudi nahiko ondo joan dela, ezta?
Hala espero dut. Bada, asko gogoratu nintzen zuetaz eta pentsatu nuen lastima izan dela sari banaketa gertuxeago ez izatea denok bila joateko!
Espiral elkarteak antolatutako Jornada Espiral 2007 jardunaldietan banatu ziren sariak. Horren aurretik, goizean, sarituok labur-labur gure lanaren berri emateko aukera izan genuen eta nik euskaljakintzari buruz (nola egiten dugun lan, zeintzuk diren gure helburuak eta emaitzak, zenbat lan egin duzuen…) minutu batzuez hitz egin nuen. Denek zuentzat zorionak eman zizkidaten eta nik, saria jasotzerakoan, zuen izenean eskerrak eman nizkien, noski!
Ederki joan zen guztia. Beste batzuk egiten ari direna jakiteko aukera izan nuen eta jardunaldietan beste hainbat aplikazio eta ideia interesgarri entzun, ikusi eta ezagutu nituen. Dena den, aitortu beharrean nago inbidia pittin bat ere pasatu nuela ikusita batzuek besteekin nola hitz egiten zuten eta nola ezagutzen zituzten elkarren lanak. Garbi dago hizkuntza oztopo izan dela gure kasuan, ez saria irabazteko baina bai proiektua ezagutzera emateko. Honen haritik, dezentek esan zidaten euskaljakintzan sartu zirela baina tutik ere ulertu ez zutenez, berehala atera zirela eta ea zergatik ez nuen gaztelaniazko azalpenen bat ipintzen. Zer iruditzen zaizue?
Ostiral arratsaldea eta larunbat osoa jardunaldietan pasa ondoren, Bartzelonan buelta bat eman gabe ez nintzela itzuliko erabaki eta Rambletan barrena ibili nintzen. A ze giroa! Itsasaldea ere bisitatu nuen eta, azkenean, Gaudiren La Pedrera edo Milá etxean sartu nintzen. Zoragarria! Argazkian ez da ondo ikusten baina etxe horretako ganbaran nago saria eskuan dudala!
Amaitzeko, hementxe duzue irabazi dugun urrezko ziba. Beste saria, Mimio arbel digital bihurtzailea, ikastolan jasoko dugu hauetako egunen batean. Badut gogoa probak egiten hasteko!
Oharra: gaur goizean esan diogu Manuri hamaiketakoarena (Jon Ander, Eneritz I. eta hirurok) baina ez dakit ez ote duen gorrarena egin!!!
Datorren ikasturtean euskaljakintzakook egitasmo berri bati ekingo diogu. Gure asmoa boz gorako irakurketaren bidez, euskal literatura hobeto ezagutu eta zabaltzen laguntzea izango da. Horretarako, entzun-irakurtzeko gunea, hau da, entzuten irakurtzeko gunea abian jarri dugu: entzun.
Onura ugari ekar dakiguke ahots ozenez irakurtzeak, hala irakurtzen duenari nola entzuleari. Hona hemen Rolling Readers-en emandako hainbat arrazoi (Plec-etik, Proyecto de lectura para centros escolares, ateratakoak):
Kontuan izan entzuleak ez duela irakurriko, zuk esandakoa entzun baizik.Dena den, ez da batere erraza ozenki irakurtzea: trabatu egiten gara, azkarregi edo motelegi eta intonazio ezaz irakurtzen dugu… Irakurtzea erraza da baina behar bezala irakurtzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula! Beraz, arlo hori behar bezala lantzeko, euskaljakintzako kideok, arian-arian, autore ezagunen ipuin, poesia eta eleberri argitaratuak zein lan argitaragabeak (gureak, esaterako) grabatzen joango gara eta gure gune berrian ipiniko ditugu edozein arrazoirengatik irakurri ezin dituenak entzuten irakurtzeko aukera izan dezan. Jakin badakigu, dena den, norberak irakurtzeak dakarren plazer hori -irudimenezko munduan murgiltze hori- ezin ordezka daitekeela entzumen hauen bidez. Ez da hori gure asmoa. Gure desira euskal literaturara eramango gaituen atea zabaltzea besterik ez da.
Orain arteko grabazioak entzun eta hautatutako autoreei buruz zertxobait gehiago jakin ahal izateko, jo entzun gunera edo egin klik ondorengo ataletan.
Get free blog up and running in minutes with Blogsome | Theme designs available here