Euskaljakintza gu gara!
Hemen klikatuz Jakintza Ikastolako blog guztiak ikusteko aukera izango duzu


  • entzun

2.0 baliabideak

EUSKARA kontsultarako

EUSKARA ariketak

EGA

zalantzak galdetu

aisia euskaraz

bestelakoak


HELDU KORRIKA! | # |

Euskara pil-pilean —nayerza—1:15
2007-03-23

Korrika 07 Urtebete gehiagoz, hemen dator korrika indarrez beterik eta dagoeneko egina da, ohitura den bezala, hasiera aurretik ospatzen den aurkezpen ekitaldia. Aurten, Euskaltzaindian ospatu dute. Urte honetako jarduna, gainera, emakumezkooi omenaldi berezi gisa plazaratu da eta bere hitz gakoa HELDU da.

Atzo, martxoak 22, eman zitzaion hasiera Karrantzan arratsaldeko 17:30ean eta amaiera apirilaren 1ean, eguerdiko 12:50ean, izango du. Euskarak egingo duen ibilaldi luze honetan, Ordizia ere parte hartzaile izango dugu eta bertatik bihar, martxoak 24, pasatuko da goizaldeko 07:37an. Gure herria larunbat goizabarrean zeharkatuko duen arren, dagoeneko antolatuak daude gaua girotzeko zenbait ekitaldi eta lagunartean gau ederra igaro ondoren, egoki datorkioke gutako askoren ama den hizkuntzari laguntza txiki bat ematea! Honetarako, Ordiziara Lazkaotik sartuko den ibilaldian parte hartzea, dudarik gabe, sari ederra izango litzateke!

Bestalde, antolatzaileen zama izaten den antolaketan diru laguntza eskaintzeaz gain, Korrikak urtebete gehiagoz bere ekitaldiari publizitatea egingo dion materiala ere kaleratu du. Arropa eta bestelako produktuak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait dendatan aurki ditzakegu. Soinean eraman ditzakegun gauzez aparte, Korrikaren inguruko beste zenbait artikulu ere aurki ditzakegu. Ikastolen Elkarteak sari moduan egin duen Unitate Didaktiko bat eta Pirritx eta Porrotxek haurren interesa sustatzeko egin duten kanta, besteak beste.

Jaialdi hau pertsonaia famatu eta erakunde ugarik babestu arren, 15.edizio honek hasierako oztopoen usaina duela diote antolatzaileek. 1985. eta 2003. urteetan Iruñean izan zuen Korrikak bukaera eta, ohiko trabak saihestuz, jai giro aparta lortu zuten. Hala ere, aurten zailtasunak ugaritu egin dira eta aurrekoetan baino ahalegin handiagoa egiten ari da AEK Korrikaren amaiera ahalik eta alaien eta baketsuen izan dadin. Beraz, eginahal hauei guztiei esker ona erakusteko ez legoke ibilaldian parte hartzea bezalakorik!

Guk gure aldetik, Jakintza ikastolako batxilergoko ikasleok, Ordiziako ibilaldiaren kilometro bat erosi dugu Euskal Herriaren komunikazio bide izan beharko lukeen euskarari bidea zabaltzeko ideiarekin! Hortaz, euskaljakintzatik, bisitari guztioi laguntza asmoa zabaldu nahi nizueke eta datorren korrikan parte hartzera gonbidatu!

Korrikaren giroan murgildu nahi baduzue, entzun gure irratian:

  • Heldu korrikari abestia (Niko Etxart eta Hapa-hapa)
  • Haurrentzako abestia (Pirritx eta Porrotx)



Euskararen eguna ikastolan! | # |

Euskara pil-pilean —Maite—0:43
2006-12-1

logoaEuskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu gaur ikastolan. Berez, abenduaren 3an izango da baina jai eguna denez, abenduaren 1era pasa dugu denon artean hainbat ekintza aurrera eraman ahal izateko. Azken aste hauek girotze asteak izan dira ikastolan eta gaurko ekintzekin amaiera emango diogu ospakizunari. Egitaraua ezberdina izan da eta izango da etaparen baitan eta gune honetan guri dagokigun etaparen berri emango dugu:

DBH-DBHO

AURREKO ASTEAK: GIROTZE ASTEAK

    BI ASTE AURRETIK: hormetan eskegi ditugu sms hizkuntzan mezu hauek:
  • Urtero ospatzen dugu abenduaren 3an.
  • Badator Euskararen Eguna.
    ASTE BAT AURRETIK: SMS LEHIAKETA
  • Esaera zaharrak asmatu behar dituzte, sms hizkuntzan baitaude.
  • Horretarako klase bat hautatu dugu: 4. klasea.
    Klase honetan, dagokion irakaslearekin, HOGEI MINUTU emango dizkiegu bost esaerak asma ditzaten.
    Egite prozesua kronometratu egingo dugu irabazlea(k) zehazteko.
    Irabazleen artean zozketa egingo da eta saria gela bati emango zaio. ( Merendola)

ABENDUAREN 1ean:

    LEHENENGO ORDUA:
  • 8:45ean: PREGOIA+ BERTSOAK+ABESTIA. Abestiaren letra banatu ikasleei eta hitz egin mezuaz.
  • Jarraian, ERABILERA DATUETAN oinarrituta, GOGOETA egin eta ahal bada KONPROMISO zehatzetara heldu: koadrilaka euskararen erabilera sustatu, kidetze ekimenak gogoz gauzatu…
    3. ORDUA:
  • DBH 3 ETA 4:
  • Gela bakoitzean, dagokion irakaslearekin, aurrez egindako gogoeten laburpen modura, irakurri KONPROMISO ORRIAREN EDUKIA.
  • Jarraian, koadrilaka Zuzendaritzara jaitsi eta konpromiso orria SINATU.
  • Une berean, bakoitzari bere KARNETA banatu.
    5. ETA 6. KLASE ORDUAK:
  • DBH 1A eta 1B: “ AUPA ETXEBESTE” filma ikusi.
  • DBH 2A eta 2B: “ AUPA ETXEBESTE” filma ikusi.
  • DBH 3eta DBH 4: “ HEGO AMERIKA MOTOZ CHEREN BIDETIK “ dokumentala ikusi areto nagusian, Anjel Cuerdoren ( egilea) ardurapean.

Ondo pasa eta gogoratu:

Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik.



Euskara eta etorkinak | # |

Euskara pil-pilean —iusabiaga—11:38
2006-11-17

Udazkeneko koloreetan murgilduta, festak non-nahi, ekintza ugariak han eta hemen, ikustekoak hamaika baita entzutekoak ere. Hamaika gauza ikusteko jaio ginen! Entzun izan dut nire inguruan behin baino gehiagotan, ia beti adineko pertsonengandik.

Oraingoan, aldiz, pentsakor jarri naiz. Zenbait albiste uda garaian zehar errepikatu dira egunero: suteak, herri festak, beroa, ur eskasiaren arazoa, etorkinen zoritxarrak… (gehiago ere izan dira, noski!). Batekin geratu naiz itsututa, ordea. Egunero albiste izaten jarraitzen du, kolore iluna du, beltzarana. Etorkinen inguruan ari naiz, bai!

Denbora bat dela, jada, gurean ziren, orain dira eta, dirudienez, hemendik aurrera gehiago izango ditugu. Harrera eta harremana, oinarrizko premiak asetzetik datoz eta, nola ez, komunikaziorako dugun kodetik. Guk ez dugu haiena ezagutzen, gutxiago erabiltzen eta haiek arazo berbera bizi dute. Desberdintasunik akaso badago, gurean ez dugula hizkuntza bakarra eta indartsua hiztunei begira hitz egiten, gaztelania nagusi den gure euskal lurralde honetan.

Euskararen egoera, gorabeheratsua askotan, erabilera urriari lotua, esparru mugatuekin adiskidetua eta gaztelaniarekin bizitzera behartua, ez ote da kaltetuagoa izango?

Atzerriko hainbat hizkuntza, etorkinen arabera ezberdinak; gurea, hizkuntza minorizatua… Denak, ordea, besteena bezain errespetagarri. Kontuan hartzea, beharrezkoa dugu.

Erabiltzea ere ezinbestekoa dugu. Gurea aldarrikatu eta indartu behar dugu eta etortzen direnei gurearen berri eman. Albiste beltzen artean euskararen bidea argiago ikusiko dugu, udazken koloreen atzetik udaberri oparoa etorriko baita…



ORAINGOAN BAI! | # |

Euskara pil-pilean —lgaztañaga—19:31
2006-10-14

Lehengoan, Berria egunkaria irakurtzen ari nintzela, albiste pozgarri honekin egin nuen topo:

D ereduko laugarren lerroa jarriko dute Patxi Larrainzarren. Iruñeako ikastetxean tokirik gabe gelditu ziren hamabi haurrek han ikastea onartu du Nafarroako Gobernuak.
Gurasoek hamaika ekimen egin ondoren, tartean hainbat elkartze eta prentsaurreko, ahalegin horiek guztiek eman dute bere fruitua, azkenean, D ereduko laugarren lerroa jarriko baitute Patxi Larrainzarren.

Zoritxarrez, ez du luzaroan iraun poz honek, orriari buelta eman eta honelako hau irakurri dudanean:

Ele biko unibertsitatea kalitate txarrekoa izango litzatekeela adierazi du Nafarroako presidenteak

.

Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan bazterrean utzi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoa ele bikoa izateko aukera. BETIKO LEPOTIK BURUA!

Nafarroa oinez Honek guztiak, Nafarroa Oinezeko logoa ekarri dit burura. Bertan agertzen den zurrunbiloak ikastetxe hauek aurrera egiteko dituzten oztopoetan pentsarazi dit. Ez da samurra urte osoan zehar ikastola hauek egin beharreko lana eta bota beharreko izerdia hau guztia ondo irten dadin. Nafarroa Oinez euskal kulturaren alde egiten duten ikastetxeen ospakizuna da. Urtero-urtero ikastetxe ezberdin batek antolatzen du hauek duten premiaren arabera. Aurten, Berako Labiaga ikastolari egokitu zaio antolakuntza honen buru izatea.

Ez da Berak Nafarroa Oinez ekimena antolatzen duen lehenengo aldia, bai 1983ko bai 1994ko ekitaldiak bertan egin baitziren. Lehenengoan, euskaltzale guztioi esker, sekulako arrakasta lortu zen eta aurrez ezarritako helburuak betetzeko adina laguntza jaso zuten. 1994ko ekitaldira ere 80.000 pertsona inguratu baziren ere, iluntzean, gertakizun desatsegin bat zela eta giroa ilundu zen (polizia nazionala sartu zen eta bertan zegoen jendearen aurka kargatu zuen).

Aurtengo jaialdia ere arrakastatsua izatea espero da; izan ere, kontuan hartu behar baita, Nafarroa Oinez ez dela egun bateko lana, urte osoan zehar jende askoren inplikazioa eskatzen duen ekintza baizik.

Beste alde batetik, festa gune ezberdinetan banatuta egongo da adin guztiko jendearentzat jarduera ugarirekin. Abestia, berriz, Skalariak taldearena da eta letra Estitxu Arozenak idatzia. Beste urteetan bezalaxe, aurten ere helburu nagusia ikastolen egoera ekonomikoa arintzea da; beraz, denak gonbidatzen zaituztet bihar ospakizun honetara hurbil zaitezten, Berako ikastolak bere helburuak bete ditzan. ORAINGOAN BAI!

Abestia entzun nahi duzu?


powered by ODEO



EGA prestatu nahi duzue? | # |

Euskara pil-pilean —Maite—23:25
2006-10-4

Datorren larunbatean EGA azterketaren idatzizkoa egiteko beste aukera bat izango duzue. Liburuko ariketak ia-ia buruz dakizkizuela eta askotan eskatzen dizkidazue ariketa gehigarriak. Hortxe ibiltzen naiz ni fotokopiak gora, fotokopiak behera (atariko proba gehiago, idatzikoaren edo irakurriaren ulermen bat edo beste, sinonimoak…Bada, gaurtik aurrera, berez DBHO 1ekoentzat prestatutako material guztia denon eskura hementxe jarriko dugu. Helburua ez da bakarrik EGA gainditu ez duzuenok egitea, EGA izanda, zuen euskara eguneratuta mantendu nahi duzuenoi ere ederki etorriko baitzaizue noizbehinka errepaso jarduera batzuk egitea!

Zer aurkituko duzue?

  • Aurkezpena: Zer da EGA, atal bakoitzaren azalpena, jakingarriak (datak, noten kontsulta), ohiko akatsak…
  • Arauak lantzen: Euskaltzaindiaren arau garrantzitsuenak (DBHO 2ko ikasleekin prestatzen ari garen jarduerekin osatuko dugu atal hau hemendik gutxira). Helburua: arau bakoitzari bere jarduera ipintzea.
  • Atarikoak: atariko proba lantzeko topatu dudan materialaren bilduma (zuzenketekin).
  • Berridazketak: atal hau osatzear dago.
  • Sinonimoak: orain arte ateratako sinonimoen hiztegitxoa eta iaz euskaljakintzan prestatutako jarduerak. Hiztegi ezberdinak.
  • Ahozkoaren ulermena: entzun eta galdeketak egin (zuzenketekin)
  • Idatzizkoaren ulermena: irakurri eta galdeketak egin (erantzunekin)
  • Idazlana lantzeko atala: argudio testu bat nola idatzi, testu antolatzaileak, gomendioak, argi idazteko bideak, idatzi ereduak…
  • Ahozkotasuna: azalpen bat emateko jarraitu beharreko pausoak, azalpenerako prestaketa taula, ahozko ekintza antolatua…
  • Ortografia, puntuazioa eta hiztegi batua: puntuazioa (teoria), ortografia ariketak, hiztegi batua lantzeko ariketak, diktaketak…
  • Gramatika arazoak (txosten eta gune interesgarriak): deklinabidea (taula), aditz guztiak, egunero sortzen zaizkigun zalantzak, letrakera lodia, siglak, laburdurak…
  • Esamoldeak lantzen: hiztegitxoa (gaztelaniaz-euskaraz) eta iaz ikasleekin sortutako jarduerak

Gelan egun hauetan sortzen ari garen materiala ere hementxe ipiniko dugu. Beraz, saia zaitezte jarduera interesgarriak sortzen, ondo pasatzeaz gain, arauak barneratzen lagunduko dizkiguten horietakoak… :smile:

Sartzeko, klikatu eskuineko zutabean, EGA atalean, EGA ikastaroan.Hemendik ere sar zaitezkete. Edozelan ere, zuen pasahitza idatzi (beti bezala) eta aurrera!



hurrengo orrira >>
 

Get free blog up and running in minutes with Blogsome | Theme designs available here