Euskaljakintza gu gara!
Hemen klikatuz Jakintza Ikastolako blog guztiak ikusteko aukera izango duzu


  • entzun

2.0 baliabideak

EUSKARA kontsultarako

EUSKARA ariketak

EGA

zalantzak galdetu

aisia euskaraz

bestelakoak


Zer gertatzen da BAIT partikularekin? | # |

Hizkuntzarekin arazoak —Maite—16:19
2005-12-25

Zer gertatzen da, ba? Gertatzen dena azaltzea oso erraza da, baina ikusten denez, barneratzea ez hainbeste! Batek daki zenbatetan errepikatu dudan arau hau!! Egia esan, azalpena ematen dudanean, denek diote:

- Bale, Maite, erraza da!

Eta hurrengo idazlana edo ariketa zuzentzen ari naizenean, beti pentsatzen dut:

- Ziur gaur ez dudala honelakorik topatuko…

Halere, nahiz eta orokorrean ondo egin, beti azaltzen da bat edo beste…

Beraz, badakit badakizuela , baina ez da gaizki etorriko errepasotxo bat:

Bait partikula, kasu guztietan, aditzari atxikia idatz dadila: bainaiz, baikara, baitoaz, e.a., eta ez bai(t) naiz, bai(t) gara, bai(t) doaz, e.a.

Arau honek duen eragozpenik larriena, bait- aditzari lotzean gertatzen diren letra ezabatzeak edo aldaketak dira.

    bait- + n- = t desagertu bait + naiz > bainaiz
    bait- + h- = t desagertu bait + haiz > baihaiz
    bait- + l- = t desagertu bait + luke > bailuke
    bait- + d- = d desagertu bait + du > baitu
    bait- + g- = k bihurtu bait + gara > baikara
    bait- + z- = -tz- bait + zara > baitzara

Araua osorik irakurri.

Ariketatxo bat egin nahi duzu?

Ea, bada, zein emaitza lortzen duzuen…



ORTOGRAFIA ARIKETA BAT | # |

Hizkuntzarekin arazoak —Maite—21:28
2005-12-14

Agur t’erdi atal honen jarraitzale zareten guztioi! Esan nizuen aurrekoan filosofia pixka bat aldatuta nuela edo, behintzat, aldatze bidean nindoala (azalpen errazagoak, ariketa osagarriak eta abar). Eta horri jarraituz, gaurkoan, ez dut azalpenik emango; gaur, zuzenean ariketa batekin hasiko gara. Egin behar duzuen gauza bakarra jarraian azaltzen den esteka klikatzea da. Esteka honek ariketa batera eramango zaituzte eta zuen zeregina dauden bi idazkera ezberdinetatik bat aukeratzea izango da. Bukaeran erantzunak ikusi-ri ematearekin batera, ortografia kontuetan nola zabiltzaten jakingo duzue. Animatuta? Ekin lanari, bada!

klikatu hementxe ariketa egiteko



GUZTI HAU EDO HAU GUZTIA? | # |

Hizkuntzarekin arazoak —Maite—0:55
2005-12-6

jolaus Gaur, gramatikaren txoko honetara, askotan oker erabiltzen dugun egitura baten berri ematera natorkizue. Ikusita azken azalpenak izan zituen oihartzun eta kritika konstruktiboak, arrazoiak eta azaldu beharrean, erabilera zuzenaren gomendioa ematera mugatuko naiz. Ziur nago batek baino gehiagok eskertuko duela! Gatozen, bada, harira.

GUZTI HAU EDO HAU GUZTIA?

  • Guz(t)i hau zurea al da?
  • Hau guz(t)ia zurea al da?
  • Erabilera hau hobesten da!

* Parentesiak adierazi nahi du bere barneko elementua aukerazkoa dela, hots, hau guztia edo hau guzia biak ondo daudela.

Euskaltzaindiak gogorarazi nahi du hau guz(t)ia, bide hartan guz(t)ian, horiekin guz(t)iekin eta kidekoak hobestekoak direla batasunaren izenean. Eta orobat gauza hauek guz(t)iak eta honen kidekoak.

Beraz, hau guz(t)ia eta guz(t)i hau esapideen artean, lehena da hobesten dena. Eta berdin gertatzen da bide hartan guz(t)ian / bide guz(t)i hartan, horiekin guz(t)iekin / guz(t)i horiekin eta hauen antzeko bikoteetan. Denetan lehen aldaera da hobestekoa. (Euskaltzaindiak, Bilbon, 1994ko urriaren 28an onartua)

Ikasitakoa praktikan jarri nahi duzu?

Arau hau bere ñabardura guztiekin irakurri nahi baduzu, jo ezazu hona.

Oharra: azalpen hau nire lagun eta lankide den jolaus IKTeroari eskaini nahi diot bereziki !!



Esaldion artean bada zuzena denik? | # |

Hizkuntzarekin arazoak —Maite—20:21
2005-11-22

Lagun arteko eztabaida luzea izan dugu. Esaldion artean bada zuzena denik?

  • Gure herria hain da txikia, ez duela plazarik ere.
  • Gure herria hain da txikia, plazarik ere ez duela .
  • Gure herria hain da txikia ze, plazarik ere ez duela.

Euskaltzaindiak dionez, -(e)la atzizkiak ez du lekurik perpaus kontsekutiboetan (EGLU-V, 450.or.), nahiz eta ahozko hizkeran, bereziki, aski zabalduak egon (Hegoaldean, batez ere). Euskal tradizioan, -(e)la atzizkiak ez du inoiz balio hori izan. Hona euskarak erabili dituen bideak:

  • Menderakuntza:
    1. Gure herria hain da txikia/hain txikia da, non plazarik ere ez bait(u)/(du)en.

      Gure herria hain da txikia/hain txikia da, ezen plazarik ere ez bait(u)/(du)en.

Aurreko bi egitura horiek dira erabilienak. Nolanahi ere, hiru ohar egin behar ditugu:
1) perpaus nagusiko maila-hitza (hain), gehienetan, adjektiboari loturik agertzen zaigu (hain txikia);
2) ezen partikulak aldaera bat baino gehiago ditu (eze, ze);
3) perpausen ordena aldakorra bada ere, lehenengo, maila-hitza edo kuantifikazioa daraman perpausa ematen dugu, eta ondorioa gero.

  • Alborakuntza:
    1. Plazarik ere ez du gure herriak, hain da txikia.

      Gure herria hain da txikia/hain txikia da, non/ezen plazarik ere ez du.

Ikusten duzunez, lehenbiziko esaldiak ez du inolako lokailurik, eta alborakuntza biluzia da (koma besterik ez duzu bi perpausen artean). Horrelakoetan, bada, perpausen ordena aldatzen dugu sarritan: hain da txikia bukaeran emanik dago. Batik bat, ahozkoan erabiltzen dira esaldi horiek, eta intonazio berezia izaten dute; horregatik aldatzen da ordena (maila-hitzak indar berezia hartzen du adizkiaren aurrean).
Bigarren esaldiak, berriz, lokailua (non, ezen) darama, baina ez du menderagailurik (bait-/-(e)n); hortaz, alborakuntzaren barruan sartu behar dugu, nahiz eta menderakuntzazko esaldien tankera izan.

Zer deritzozue? Ondo erabiltzen al duzue egitura hau? Edozein zalantza baduzue edo azalpena ez bada argia, esan lasai …



Behar aditzarekin beti ukan jarri behar dugu? | # |

Hizkuntzarekin arazoak —Maite—1:13
2005-11-14

Gaur atal berri bati hasiera emango diogu: euskal gramatikako zalantza batzuk. Denok dakigun bezala, askotan izaten ditugu zalantzak euskaraz idatzi nahiz mintzatzerakoan; horietako batzuk, bada, argitzen saiatuko gara atal berri honetan.

Bost urte igaro dira IVAPek Duda-muda kontsulta zerbitzua abian jarri zuenetik eta, geroztik, hamaika duda-muda jaso izan ditu. Ondorengo lerroetara horietako bi ekarriko ditugu:

Behar aditzarekin beti ukan jarri behar dugu, osagaia edozein dela ere? Alegia, joan behar dut edo joan behar naiz? Zein da zuzena eta zergatik?

  • Behar-en osagaia nor tipokoa denean (joan, etorri, jaiki, heldu…) laguntzailea bietara (da edo du) ager daiteke, nahiz hedatuena ukan aditza erabiltzea izan. Beraz, bi hauek ondo daude:

      Bazkaltzera joan beharko gara, ezta?

      Bazkaltzera joan behako dugu, ezta?
  • Behar-en osagaia nor-nork tipokoa denean, laguntzailea beti izango da du erakoa; honela, beraz:
      Gaur albisteak entzun beharko ditugu, ezta?

Mikel etorriko denean bezalako egiturak okerrak al dira? Hau da, ekintza bat etorkizuenan kokatzeko erabil dezakegu -ko denean?

Bai, okerrak dira. Berez, -(e)nean egiturak aldiberekotasuna adierazten du, hau da, denboraren ardatz hartuta, perpaus nagusiko ekintza eta menpekoa batera gertatzen direla.

* Mikel etorriko denean egingo dugu bilera.

Mikel etortzen denean egingo dugu bilera.
Mikel datorrenean egingo dugu bilera.



 

Get free blog up and running in minutes with Blogsome | Theme designs available here