Diru-laguntzak uda ikastaroetara doazen unibertsitarientzat | # |
Hitzaro —Maite—13:302007-05-22
Urtero bezala, Ordiziako Udalak diru-laguntzak emango dizkie Euskal Herrian kokatuta dauden unibertsitateetako uda ikastaroetara doazen ikasle eta langabetuei; beti ere hartzen dituzten ikastaroak euskaraz badira. Diru-laguntza eskatzaileak honako baldintzak bete beharko ditu: Ordizian erroldatuta egotea eta ikastaroan asistentzia ona izan duela bermatzea ziurtagiri bidez. Aipatu baldintzak betez gero, matrikula kostuaren %50 itzuliko dio Udalak.
Udako ikastaroetarako diru-laguntzak emateko diru-partida berezia dauka Ordiziako Udalak. Beraz, diru-laguntzak partida agortu artekoak izango dira. Partida horretan jasotako diru kopurua baino handiagoa balitz eskaera, laguntzak eskatzaile guztien artean proportzionalki banatuko lirateke.
Eskaerak aurkezteko epea irailaren 15ean amaituko da. Eskaera orriarekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira: nortasun agiriaren kopia, asistentzia ziurtagiria, matrikula ordaindu izanaren agiria eta ikasle edo langabetu txartelaren kopia.
Ekainaren 21a arte dago irekita Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) matrikula egiteko epea. Maiatzaren 31ra arte eta plazak gelditzen diren bitartean, berriz, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) Uda Ikastaroetan izena ematekoa.
Ikastaroen eskaintza
UEUren 35. Ikastaldia Eibarren, Baionan eta Iruñean gauzatuko da. Guztira, 30 ikastaro antolatu dituzte: hamaika Eibarren (uztailaren 2tik 13ra), zortzi Baionan (uztailaren 9tik 13ra) eta 10 Iruñean (uztailaren 16tik 20ra). Ikastaro hauen gaineko informazioa nahi duenak, UEUren webgunean topatuko du.
Ekainetik irailera bitartean izango dira EHUren Uda Ikastaroak, Donostiako Miramar Jauregian, eta 72 ikastaro eskainiko dira guztira; horietatik sei bakarrik izango dira euskaraz. Honakoak: Heriotza eta nahigabearen trataera irakaskuntzan (D zikloa: Bizitzaren Bidaia); Ebaluazioaren oraina eta geroa hezkuntzan (G zikloa: Hezkuntza); Oinarrizko hezkuntza konpetentziak (G zikloa: Hezkuntza); Hizkuntzen ebaluazioa eskolan ikuspegi komunikatiboaren baitan (J zikloa: Hizkuntzalaraitza eta Literatura); Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena. XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan (J zikloa: Hizkuntzalaritza eta Literatura); eta, Emozioak (R zikloa: Pentsamendua eta sorkuntza Euskal Herrian). Informazio gehiago nahi izanez gero, jo EHUko webgunera.
Begirale izateko formazio ikastaroa | # |
Hitzaro —Maite—20:092007-05-4
Euskararen sustapena udaleku irekietan ikastaroa antolatu du Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Euskara Biziberritzeko Planaren (EBPN) barruan, haur eta gazteen hizkuntzaren erabileran begiraleen prestakuntzak berebiziko garrantzia duela-eta. Hitzaro Euskara Elkarteko begirale-poltsan izena emanda daudenei begira antolatu dute ikastaroa bereziki, horiek aritzen baitira Txirristi Mirristi udaleku irekietan, baina, lekurik balego, haur eta gazteekin aisialdian aritzen den beste edozein hezitzaile ere onartuko dute.
Hamar ordu iraungo du ikastaroak, eta lau egunetan emango da, maiatzaren amaieran: hain justu ere, maiatzaren 21, 23, 28 eta 30ean, 17:00etatik 19:30etara. Urtxintxa Eskolakoek emango dute eta honako edukiak landuko dituzte, besteak beste: soziolinguistikako oinarrizko kontzeptuak, begiraleen jarrerak euskara sustatzeko, euskal jolasak eta adibide praktikoak: jolas dinamizazioak, barnetegiak, udalekuak…
Ikastaroan landuko diren eduki guztiak biltzen dituen txostenaz gain, Urtxintxa Eskolak argitaratutako Euskal Jolasak liburuxka eta Gazte Hizkeraren Jolasak liburuxka banatuko zaie ikastarora doazenei. Ikastaroan 8 lagunek eman beharko dute izena gutxienez, eta gehienezko muga 20koa izango da.
Maiatzaren 11an amaitzen da izena emateko epea. Udaleko Herritarren Arretarako Udal Bulegoan egin behar da, 30 euro ordainduta.
Txirristi Mirristi udaleku irekiak Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu eta Hitzaroko begiraleek dinamizatzen dituzte. Txirristi Mirristi, berriz, ekainaren 25etik uztailaren 20ra izango da. Eskuorria ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen.
Saritutako piropoak, “nahiko originalak eta grazia handikoak” | # |
Hitzaro —Maite—23:232007-04-20
Asteazkenean, hilak 18, ezagutarazi ziren Ordiziako Gazteentzako III. Ligatzeko Esamoldeen Lehiaketako lan sarituak, Udaletxeko pleno aretoan egindako sari-banaketa ekitaldian. Guztira sei sari nagusi banatu ziren, eta beste 18 esamoldek ere izan zuten aipamenik. Epaimahaikideen arabera, “aurten aurreko urteetan baino piropo original gehiago jaso ditugu eta hainbat piropok, gainera, grazia handia eragin digute”.
A mailan (14-15 urte) aukeztutako 75 esamoldeen artetik, bi esamolde saritu zituen epaimahaiak: Jakintza ikastolako Ainhoa Imaz ordiziarrarena –Zu + ni = biak_batera.com– eta Oianguren Institutuko Lander Casadok sortutakoa –Zu horrelako kurbekin eta ni frenorik gabe–. Ainhoa Imazek 30 euro eta saritutako esamoldea daramaten 10 kamiseta eskuratu zituen, eta, Lander Casadok, berriz, 20 euro eta kamiseta bat.
B mailan (16-17 urte), guztira, 37 esamolde aurkeztu dituzte gazteek lehiaketara. Horien artetik ere bi nabarmendu zituen epaimahaiak, biak Jakintzako ikasleek eginak. Lehenengo saria, Joseba Albisuk irabazi zuen, Hori bai haragia eta ez gure amak gisatuari botatzen diona esamoldeagatik, eta bigarren saria, Ana Etxarrik, Zurgina izan nahi nuke zure bihotz gogorra pixkanaka zuritzeagatik esamoldeagatik. Albisuk 30 euro eta 10 kamiseta eskuratu zituen, saritan, eta, Etxarrik, berriz, 20 euro eta kamiseta bat.
Guztira 81 lan aurkeztu dira C mailan (18 urte eta hortik gora). Jakintzako Alain Perezen piropoari lehen saria eman zioten epaimahaikideek: Ametsen zerrendan, zu lehena. Oiangureneko Eneko Alberdiren piropoari, berriz, bigarren saria: Txahala bazina, Eusko Labela zuretzat.
Aipamena merezi izan duten 18 piropoen egileek ere kamiseta bana jaso zuten atzo. Bai saria, bai aipamena jaso duten lan guztiak, Ordiziako Udaleko web gunean erakutsiko dira aurrerantzean. Lehiaketara aurkeztutako piropo guztien liburuxka ere argitaratu du Udaleko Euskara Zerbitzuak. Hori eskuratu nahi lukeenak, Herritarren Arretarako Udal Bulegora jo beharko du, edota 943 80 56 22 zenbakian eskatu.
Ordiziako Gazteentzako III. Piropo Lehiaketa, Euskararen Udal Aholku Batzordeak antolatu ohi du, lagunarteko egoera informaletan euskara sustatzea helburu izanik. Lehiaketaren epaimahaia honakoek osatu dute aurten: Euskararen Udal Aholku Batzordeko bi kidek eta Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuko langile batek.
Udan euskara ikasle bat etxean hartu | # |
Hitzaro —Maite—1:212007-04-17
Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak Egonaldiak familia euskaldunetan 2007 programan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak. Egonaldiak familia euskaldunetan egitasmoa HABEk antolatzen du, euskara ikasi edo hobetu nahian, nahiz bertako euskalkia ezagutzeko asmotan dabilen pertsonari familia euskaldun batean hilabete bat edo bi pasatzeko aukera emateko. Egonaldiak uztailean, abuztuan edo irailean egiten dira.
Biztanleriaren %70etik gora euskalduna duten udalerrietako familiek bakarrik har dezakete euskara ikaslea etxean. Ordiziako biztanleen ia %70 da euskalduna, eta hargatik har dezakete parte egitasmoan herriko familia euskaldunek.
Hauexek dira euskara ikaslea etxean hartzeko prest diren familiek bete behar dituzten baldintzetako batzuk:
- Egonaldia eskaintzen den hilabetean, familian gutxienez hiru kide bizi izatea eta kide guztien ohiko komunikazio-hizkuntza euskara izatea.
- Ikasleak familiako bizitzan parte hartu ohi du, eta familiak gutxieneko intimitatea eta askatasuna eskainiko dizkio, ikasleari logela pribatua emanez.
- Hilabete bakoitzeko, familiari 620 euro ordainduko dizkio HABEk.
Egitarau honi buruzko informazio gehiago nahi duenak Ordiziako Udalera jo dezake, 943 47 44 47 (Urrats euskaltegia) telefonora dei dezake edota egonaldiak gunea bisitatu. Apirilaren 20an amaitzen da izena emateko epea familientzat.
Ordizian, gazteak piropoketan | # |
Hitzaro —Maite—23:042007-03-26
Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak gazteei zuzendutako III. Piropo Lehiaketa antolatu du, herriko ikastetxeekin elkarlanean. Lehiaketa, gazteen artean euskarazko erregistro kolokiala sustatzeko EBPNtik (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) egiten den lanaren proposamen berria da.
Martxoaren 30 bitartean, euskara@ordizia.org helbidera euren piropoak bidaltzeko aukera izango dute 14 urtetik gorako gazteek. Era berean, ikastetxeetan nahiz udaletxean (Kale Nagusia 26) aurkez litezke lanak, eta bertan eskura daitezke, halaber, lehiaketa arautzen duten oinarriak.
Hiru maila edo adin-tarte bereiztu dituzte lehiaketako oinarrietan: 14-15 urte (DBH3), 15-16 urte (DBH4) eta 16 urtetik gorakoak. Lagun bakoitzak ezin izango du esamolde bat baino gehiago bidali, eta esamolde guztiek jatorrizkoak eta norberak sortuak izan beharko dute. Hots, originaltasunari erreparatuko zaio, “inork esan gabeko hori, inork esango ez lukeen moduan” esateari.
Gaia, euskarazko piropoa da; esamoldeak euskaraz behar du izan, euskara bizi eta askean. Izan ere, epaimahaiak bereziki begiratuko dio testuaren zuzentasunari, jatortasunari eta egokitasunari. Hauxe adierazi dute Euskara Zerbitzutik:
Lana aurkezten duen gazteak ondo pentsatu beharko du maite duen horri zer esango liokeen, eta, batez ere, nola esango liokeen. Garrantzitsua da euskarak ematen dituen aukerak arakatzea, bideak bilatzea, euskarak ere bide bat baino gehiago baitu.
Proposamen guztien artean, hautapen batzorde batek aukeratuko du maila bakoitzeko piroporik onena. Horien egileek, diru-saria jasoko dute, bai eta saritutako leloa serigrafiatuta daramaten 10na kamiseta ere, nahi izatera euren lagunen artean banatzeko.
Aurreko bi urteetako piropo lehiaketara lan asko aurkeztu izan dituzte Ordiziako gazteek, eta antolatzaileek lanak izan dituzte piropoak hautatzen. Gauzak hala, honako gomendioa egin nahi diete gazteei: “Laburra bi aldiz hobea da, baita piropoetan ere!”.
Aurreko urteetan egin den antzera, lehiaketara aurkeztutako piropo guztiak bildu eta poltsikorako liburuxka batean argitaratuko dituzte Euskara Zerbitzukoek.
hurrengo orrira >>