Euskaljakintza gu gara!
Hemen klikatuz Jakintza Ikastolako blog guztiak ikusteko aukera izango duzu


  • entzun

2.0 baliabideak

EUSKARA kontsultarako

EUSKARA ariketak

EGA

zalantzak galdetu

aisia euskaraz

bestelakoak


ASKE | # |

Ikasleen ekoizpenak —xarana—11:15
2006-06-12

Arratsalde on, adiskideok. Edo egunon. Edo gabon. Egokitu bitez lerrook norberaren egoerara.

Esertzearen esertzeaz pintura urdina erabat galdu duen Donostiako tren geltokiko metalezko banku honetan, trenaren zain, nagoela, burutik pasatzen zaidan oro idaztea otu zait. Hortaz, koadernoa hartu, eta orri zuri eta huts bat betetzeari ekin diot, gogoetez betetzeari, alegia. Ea burua galdu dudan? Ez nuke erantzuten jakingo. Izan ere, inoiz baino aktiboago egon da ene burua azken egunotan. Baita zuen guztiona ere. Dakidan gauza bakarra zera da: selektibitatea bukatu dela, eta selektibitatearekin, bizitza honen etapetariko bat. Hamazortzi urte bete dizkidan etapa bat. Jabetzen al zarete horrek suposatzen duenaz? Ez nago erabat ziur, baina Nietzscheren nihilismoaren antzeko zerbait dela esango nuke. Baina ez Jainkoaren heriotzaren ondorio, noski, ikastola amaitzearen ondorio baizik.

Trena heltzear dago oraindik. Ordulariari begiratzen diot etengabe. 16:58. Zazpi minutu ditut oraindik. Zenbait neska nire alboko zoru zikinean eseri dira, aurretik ondoan nuen eta bere portatilaren pantailatik begirik kentzen ez duen negozio gizona kontuan hartu gabe. Nesketariko batek kimikako apunteak atera ditu. Taula periodiko bat bereizi ahal izan dut orri mordo zimurtuaren artetik.

Harrigarria da momentuko gauzak, bizipenak, sentsazioak… gertatu ahala idaztearen sentsazioa. Gure Nietzsche maiteak ere hala egiten omen zuen. Kuestioa da neskatila beltzaran bat builaka aditu dudala andenaren aurkako aldean. Mutil bat du atzetik, motorrean ibiltzeko moduko kasko bat buruan duela. Azken hau builaka hasi zaio neskari, biraoka beharbada, ez baitut hitzak garbitasunez bereizterik izan. Neskak eskailera batzuetan gora egin du, trenbidea gainetik zeharkatzen duen zubira ematen duten eskaileretan gora. Mutilak biraoka jarraitu du, neskaren atzetik, azken honen negar-zotinen gainetik nabarmendu nahian bezala. Ez dut deusik ulertu, ez hitzei eta ezta gertatutakoari berari dagokionean ere. Alde batera nahiz bestera begiratzean, guztiak gertakariari so aurkitu ditut, alboko enpresaria izan ezik. Baina hor ez da guztia amaitu. Derrepentean, neskak zubiko eskutokiaren gainetik salto egiteko imintzioa egin du; oin bat barretariko baten gainean pausatu eta bere gorputzari gorantz eragin dio…

Aitzitik, hor zegoen mutila zentzugabekeria oro (edo batek daki zer) saihesteko. Azkenean, guztia ustekabe txiki bat baino ez da izan. Hori iruditu zaigu geltokiko guztioi, bederen.

Askok ez du gertaturikoa sinestuko. Izan ere, nola idatzi hau guztia segundo gutxi batzuk baino iraun ez dituen une ziztrin batean? Kuestioa da trena jada iritsi dela, eserleku bakun bat hartzearekin konformatu behar izan dudala eta Ordiziara bidean nagoela. Baina utz ditzagun zirkunstantzien (Ortega, zu ere gogoan zaitugu) deskribapenak alde batera, horrelakorik azaltzea ez baita zehatz-mehatz artikulu honen helburua.

Selektibitatea amaitu da. Bai, berriro ere errepikatuko dut, badaezpada ere: selektibitatea amaitu da, 2006koa. Etapa baten amaiera. Ez al duzue ezer berezirik sentitzen? Bigarren aldiz jaiotzearen antzeko zerbait dela esango nuke. “(…) gizakiak, balio absolutua ete lege moral objektiboa hondatzean, galduta, desorientatuta ikusten du bere burua (…)” Zer dator honen ostean, lagunok? Jarrera positiboa ala negatiboa izango da hartuko duguna? Galdera honen erantzuna argi eta garbi dakigu denok, helburu bat izateak soilik galdera horri erantzuten baitio. Eta guztiok (hori uste dut, behintzat) zehaztu baititugu jada gure helburuak. Batzuek besteek baino gehixeago, baina guztiok.

Azkenaldian askoren eta askoren hitzetan ikastolaren gaitzespena sumatu dudala ezin dut ukatu. Hitz hauek ez naute bereziki mintzen, ez pentsa horrelakorik, baina pertsonalki ez nioke hainbeste urtetan zehar elkarturik mantendu gaituen ikastolari errurik botako. Leku berean urte asko izan direla? Hori onar daiteke neurri batean. Dena den, nik ez dut inoiz horrenbesterainoko zama sentitu. Ezta nire 10 kg-ko motxila bizkarrean eramatean ere. Zergatik? Beharbada, une bakoitzari bere etekina ateratzen asmatu dudalako, edota gai desberdinak ahalik eta interes handienaz lantzen saiatu naizelako. Batek daki zergatik. Halere, aipaturiko jarrera ezkorra erakusten duzuenoi ez nizueke unibertsitate, modulu nahiz beste edozein ikasketa ikuspuntu beretik abiaraztea gomendatuko. Sormen askea garatzea ezinbestekoa da hemendik aurrera; orainaldiko ekintza oro etorkizunera bideratu eta bizitzeko, garatzeko, hobetzeko (ez gaizki ulertu!) grina azaltzeko unea heldu da. Edo laster helduko da. Bai, laster. Etapa berri baten hasierak erreakzio bat eskatzen du, horrelakorik gabe etapa berri oro gauzaezina izango baita. Jarraian datorkigun hiruzpalau hilabeteko nihilismo galdu baina, inondik inora, “arinaren” ostean (laster), bizitzaren etapa berri horri gogoz eta ilusioz ekitearen garrantziaz ohar zaitezten baino ez dut nahi. Hori esanda geratzen da; norbaiten erreflexioa bultzatu eta lagungarri gertatzen bazaio, nahikotzat jotzen dut ene burua.

Azken hitzok testuaren izenburuarekin bat ez datozela pentsatuko duzue askok eta askok. Dena den, izenburuak zirkunstantzia puntual honi erreferentzia egiten diola aipatu beharra dago. Azken finean, guztiok une honetan sentitzen duguna islatzea baino ez da nire helburua. Nihilismo arraro hau nolabait deskribatzea.

Gure bideak banantzeko unea heldu da, lagunok. Batzuk gure ikasketak hemen inguruan burutzeko aukera izango dugu, beste batzuk etxetik urrunxeago mugitu beharko dira, eta agian egongo da Euskal Herritik kanpo ikasiko duenik ere. Zorte on guztioi. Ortegak esango zukeen bezalaxe, urte hauek guztiak ez lirateke zuek gabe gauza bera izango. Hobeak edo okerragoak, baina, zalantzarik gabe, desberdinak. Ni, dena den, oso gustura sentitzen naiz zuen ondoan bizi izandako guztiarekin. Polita izan da bizitzaren etapa hau. Batzuei agur esan behar izan diegu, beste batzuei ongi etorri. Eta, noski, honetan guztian ikasle nola irakasleak sartzen dira.

Ez nuke txepelkerietan erori nahi, ziur jada bat baino gehiago nardatuta sentituko dela (honaino irakurri duenak irakurtzeari orain utziko ez diola bezain ziur). Halere, “familiatasun” hau inoiz sentitu ez duela esaten duenari ez nioke sinetsiko. Noski, bizitza ez da beti marrubi zaporekoa, guztiok bizi behar izan baititugu une latzak behin baino gehiagotan. Dena den, urte hauek atseginez gogoratuko ditudala ziur nago. Beharbada ez nuke artikulu hau publikatzeko idatzi beharko, nire burua “askatzeko” modu gisa baizik. Alabaina, zuen buruetan jira-biraka, zuen erreflexio-gai gisa, nire gau-mahaiko kaxoian baino lan egokiagoa gauzatzen duela ziur nago.

Banantzeko ordua heldu da, baina elkar ikusiko dugu beti parrandetan, herrian bertan edo batek daki non. Beharbada kanpotik ere helduko zaizkigu haren edo beste haren inguruko albisteak. Etorkizuna gizakiak duen inkognitarik irrikagarriena da. Momentuan ireki ezin dezakeen oparia. Gaur zuen eskuetan jartzen dudan hau, denboraldi baten buruan ireki ahal izango dugu guztiok. Bien bitartean,

Betira arte, adiskideok.

Xabier A.



GURE ISTORIOAK! | # |

Ikasleen ekoizpenak —Maite—23:30
2006-05-7

LIBURUZAINA DA GILTZA

Ez dut giltzarik erabili. Ez da zuek uste duzuena. Dena argitu dezaket. Irekita zegoenean sartu eta gero han geratu naiz, zain, denek alde egin arte. Zenbat ordu daramatzat hemen? Hiru bakarrik? Gehiago esango nuen. Hasieran han, bulegoan bertan, saiatu naiz kontuak argitzen. Altu asko esan diet nire bila bidali dituzuenei ni ez naizela espioia, ezta lapurra ere. Ni liburutegiko bazkide arrunt bat naizela. Bai, liburutegikoa. Askotan joaten naiz. Galdetu bestela liburuzain egoten den emakume petral horri. Bai. Berari. Apustu egingo nuke, oraintxe bururatu zait, baina apustu egingo nuke berak esan dizuela susmagarria naizela. Ikusten? Hari dena susmagarria iruditzen zaio! “Obabakoak” nire aurretik nork hartu zuen galdetu nionean bezala. Ze aurpegi jarri zidan ikusi izan bazenute! Ez. Baina zerikusia badu honekin. Bai. Orduan hasi baitzen istorio hau dena.
(Arantxa Iturbe, idazlea)

Ezaguna egiten zaizue goiko pasartea, ezta? Bada, asteburu osoa ikasten pasatuko zenutenez :smile: , oparitxo batekin natorkizue. Izan ere, ondo baino hobeto etorriko baitzaizue eten bat egin eta pixka bat deskantsatzea! Beraz, utzi egiten ari zaretena eta irakurri zuek ekoiztutako istorioak, kostata (e, Ibai?) baina, azkenean, hementxe dituzue eta!

Aitortu beharrean nago izugarri gustatu zaizkidala bakoitzaren ukitu bereziak ikaragarri aberastu baitu gela bakoitzeko narrazioa. Irudimena eta gogoa, behintzat, ez zaizue falta! Gainera, denak epe barruan…ZORIONAK bene-benetan! Ez legoke gaizki euskaljakintzatik idazle ospetsuren bat ateratzea, ezta?

Ea, bada, klikatu ondorengo laukitxoetan kontakizunak osorik irakurtzeko eta eman bukatzerakoan zuen iritzia. Zein izan duzue gustukoen? Zein pasarte iruditu zaizue interesgarrien?

Klikatu 2Akoek idatzitako istorioa irakurtzeko Klikatu 2Bkoek idatzitako istorioa irakurtzeko

zuen jakin-mina erabat asetzeko, hementxe duzue Arantxa Iturbek hasiera horri eman zion jarraipena!



AMONA MATILDE | # |

Ikasleen ekoizpenak —alonso—0:43
2006-03-14

Amona Matilde Nire ohe zaharberrituan nago, bildu-bildurik bart eginiko ametsetan berriro murgildu nahirik, ohetik jaiki ezinean. Amona sukaldean sumatzen dut, esne beroaren usaina iritsi da jada nire gelara. Begiak itxirik dauzkat amonaren muxuarekin esnatu nahi baitut gaur ere. Badator, zapatilen zoruak lurra laztantzean ateratzen duen hotsak adierazten dit gerturatzen ari dela. Begiak itxita jarraitzen dut, amonarekin jolas egin nahi dut gaur ere.

Lo paperean nago, hego haizea matematikako horriekin jolasean dabil, karpeta urdina, berriz, tinko, utzitako leku berean. Amonaren hanka hotsak ez ditut sentitzen, hego haizeak atera ote nau jolasetik kanpo? Bi, hiru, lau minutu itxaron ditut baina amonaren arrastorik ez dago. Kanpandorreko kanpaiak goizeko zazpi eta erdiak direla adierazten dit baina amonak ez dit muxurik eman. Nitaz ahaztu ote da? Lastima! Amonarekin jolas egin nahi nuen eta nire nahiak zapuztu dira. ..Begiak irekitzean, amona zain nuen, irabazi egin dit gaur ere. Salto egin eta lepotik zintzilikatuz muxuka hasi natzaio. Mmmmmm, nire amona kuttuna, beti irribartsu, beti umore onean. Amonak arropak ohe ondora eraman dizkit eta berandu dela esanez, zapatak lustratzera joan da.

Pijama tolestu, arropak jantzi, amonari gustatzen zaion bezala ohea freskatzen ipini, eta motxila hartuta sukaldera joan naiz amonak egunero egiten duen errezoa entzutera. Mahai gainean nuen esnea eta plater txiki batean berriz, izeba Mariak eginiko opil beroa. Amonak egun berriari eskerrak emanez errezoa bukatu du eta ikastolatik etortzean egin behar ditudanak behin eta berriz errepikatu dizkit. Oraindik lo antzean nago baina amona jo eta su ari da ni esnatu nahian. Txikitako pasadizoak kontatu dizkit gaur, izan ere, jan berri dudan opilak badu bere istorioa.

Txundituta utzi nau kontatu didan istorioak, egunero kontatzen dizkit baina hau bezain gogorrik inoiz ere ez. Erlojuari begiratu diot eta trena hartzeko bost minutu falta direla konturatu naiz. Gosaria bertan behera utzi, amona agurtu eta korrika herriaren beste aldean dagoen geltoki zaharrera abiatu naiz. Goizean goiz egindako korrikaldiak balio izan du eta, azkenean, trenean nago. Azken bagoian sartu naiz. Leiho ondoan eseri naiz, aldamenean oso andre berezia daukat. Ilea Hollywoodeko aktoreek bezala dauka, hori-horia, bolumena, berriz, berealdikoa; begiak pailazoak baino gehiago pintatuta…

Hurrengo geltokia Ordizia jartzen du argibide elektronikoan. Motxila hartu eta bertan jaitsi naiz. Lagunen zain gelditu eta ikastolara abiatu gara.

Nire lagun hauek atzo, igandean, egindakoa kontatzen hasi dira isildu gabe eta ni, bitartean, amonak kontatu didan istorioan pentsatzen. Ikastolara iritsi gara porru eginda, sirenak jo eta denak gelara igo gara azkar, korrika, arrapaladan, lehia bizian bertan kanpoan baina beroago egiten baitu. Goizeko lehen orduak halako batean pasa dira eta atsedenera jaitsi gara. Lagunek, atzo egindakoa ahaztu nahi ez eta, berriro lelo berdinarekin jarraitu dute. Nik ez dut haien hitzaspertuan sartu nahi, ez horixe! Oso kezkatuta jarraitzen dut. Amonak kontatu didan istorioa ez da nolanahikoa. Hamaiketakoa jan, lagunaren ditxosozko zigarrotxoaren kea irentsi eta arratsaldean zer egin behar dugun erabaki dugu.

Ikastolako aldapa amaiezina ttapa-ttapa igo dugu baina gure kontu merkeek burua galarazten digute eta gaur ere, ai ene!! Gaur ere, gu gelara iristerako, txirrina jota zegoen eta irakaslea barruan zegoenez, bronka txiki bat entzun behar izan dugu baina nik amonaren istorioa buruan bueltaka nebilkien eta ez nahiz ohartu ere egin. Azken orduak egin eta denak etxe aldera abiatu gara gosez ebakita. Etxean, egunero bezala, amona irribartsu zain nuen sukaldean, mahaia prest eta bazkari goxoa bor-bor su gainean. Bazkaltzen ari nintzen bitartean, amonak goizean esan dizkidan enkarguak errepikatu dizkit baina ni istorioan pentsatzen ari nintzenez, ez diot kasurik egin. Bazkaltzen bukatu, amonari mahaia jasotzen lagundu, etxeko lanak egin eta trenera joan naiz berriro ere. Ordizian jaitsi eta lagunengana iristean, algara batean topatu ditut. Arratsaldea igarotzen zihoan heinean amonaren kontuaz pixka bat ahaztea lortu dut baina benetan gogorra ari zait egiten. Tren geltokira joan naiz, trena hartu dut eta etxera iristean, gose hadirik ez nuen arren, amak afaltzera behartu eta afaldu egin behar izan dut, zer erremedio! Hortzak garbitu eta logelara joan naiz zuzenean.

Horrela pasatu nuen aste osoa burutik kontu hori kendu ezinean. Ostirala iritsi zen halako batean, eta amonari kontu hori egia zen galdetzea erabaki nuen. Berak harrituta baietz esan zidan, ez zidala inoiz horrelako gezurrik esango.

Gauean aspaldian ahaztuta nuen egunerokoa hartu eta azken astean gertatzen ari zitzaidana idaztea pentsatu nuen. Horrela hasi nintzen:

Kaixo, lagun! Zer moduz zaude? Ni nahiko pattal. Badakizu amonak istorioak kontatzen dizkidala ia goizero eta denak politak direla. Baina, dirudienez, dena ez da arroxa kolorekoa eta astelehenean kontatu zidan istoriari mila buelta ematen ari naiz…

Inor gehiagori kontatu ez diodanez barruan dudan hau, lasai geratu naiz egunerokoari giltzarekin bi buelta ematean. Guraso eta anaia agurtu eta ohera sartu naiz, kostata baina lo hartu dut.

Amonaren ditxosozko istorioarekin ametsetan ari naiz, ez zait batere gustatzen amets hau. Bat-batean esnatu naiz. Dena ilun zegoen, ez zen tutik ikusten. Komunera joan naiz baina komuna ez zegoen betiko tokian. Baso bat ur bila abiatu eta sukaldea ere ez lehengo tokian. Komuna aurkitu dut, argia piztu eta ispiluan ez dut 15 urteko neska gaztea ikusi, hirurogeita hemezortzi urteko andrea baizik. Erabat kezkatuta ohera sartu naiz, buelta alde batera, bira bestera, baina, amona ez ni esnatzera etorri. Zer gertatu ote zaio? Oraindik ez da ordua izango, eta lo paperean jarraitu dut bera etorri arte. Euriak kristala jotzean ateratzen duen zarata pausatua besterik ez da entzuten, hego haizeak ez ditu mahai gaineko paperak astintzen. Arriskatu egin naiz, begiak ireki eta… inor ez dago. Zazpi eta erdiak jo ditu elizako kanpai dorreko kanpaiak. Eta amona? Kale egin dit amonak!

Ohetik altxatzean, tokadoreko ispiluan ikusi dut gaur gaueko amona hori.

Zazpi eta erdiak dira. Nire bilobatxoa esnatzera joan beharko dut amonak egiten zuen bezalaxe eta jolasarekin jarraituko dugu. Ainhoak ezin du gehiago itxaron eta begiak ireki ditu. Inozentziaz betetako begi garbiak. Musu eman, arropak ohe barrura sartu, bere zapatak hartu eta lustratzera daramatzat sukaldera.

Otsailak 22a, amonak istorio gogor hori bilobatxoari kontatzeko egun aproposa. Ainhoari ez zaizkio batere gustatzen latinez egiten dizkiodan errezoak baina isil-isilik egoten da ipuina kontatzen noiz hasiko zain.

Orain dela ehun urte Zaldibiako baserri batean familia handi bat bizi zen. Gerra zibila pasa ondoren, baserria hutsik geratu zen eta zeukaten gauza bakarra ukuiluan gorde zuten…”

Orain, umea, zu zara jakitun bakarra.

Biloba liluratuta geratu da ni geratu nintzen bezala, haintzat hartu ditu eman dizkiodan aholkuak. Uste dut egun batzuetarako ikaratu dudala, baina pasatuko zaio. Nik esan diot opilaren osagaiak ez zirela berdin-berdinak, izan ere, ez diot nik pasa nuena pasarazi nahi, ez horixe!



Nire bihotzeko laztanari | # |

Ikasleen ekoizpenak —jaizpurua—0:03
2005-12-23

Nire bihotzeko laztana:

Gauero, nire ametsetan murgildu baino lehen, zu zara nire pentsamenduak lotarazten dituena. Zurekin pasa ditudan momentu eder haiek gogoratuz, gaueko paradisuan barneratzen naiz. Paradisu honetan gure arteko harremana lehengo egoeran ikusten dut, soilik lagun moduan baina gaur egungoarekin konparatuz altxorra dela lagun izatea konturatu naiz.

Ondoan zintudanean beste pentsamendu batzuk nituen, baina pentsamendu horiekin urruntasuna bakarrik lor nezakeen. Eta hala izan da, ez nuen ikusten aurrean nuen altxor hura, nik kaxa osoa nahi nuen. Begiak itxiak nituen, zuk nire bihotzeko taupadak kontrolatzen dituzun moduan, nire begiak itsutu zenituen. Ez da zure errua, horrelakoa da maitasuna. Baina maitasuna ez al da gauza polit bat? Hori fikziozko irudietan bakarrik ikus daiteke, errealitatean kontrola ezin dezakezun sentimendu bat da. Honek printzea aukeratu eta zeharo itsutzen zaitu. Edozer gauza egiteko prest aurkitzen zara kaxa lortzearren, baina inongo posibilitaterik ez dagoenean, lurrera jausten zara zure hego apurtuekin. Nik bide hori aukeratuz, zure urruntasuna lortu dut.

Pentsatzen jarriz, agian, ez maitatzea izango al da konponbidea?? Esatea errazegia iruditzen zait, baina zu ahazten saiatzen naizen bakoitzean, lehengo irudiak berriro ere gorputz osoan zehar barreiatzen dira. Eta, lehengo moduan, zuk nire pentsamenduak lotaraziz, gezurrezko maitasunaren bila abiatzen naiz.



Itsuaren barkamena | # |

Ikasleen ekoizpenak —nsoto—7:34
2005-12-16

Haizearen arimak ikaratzen nau,
zure begiradak itsutzen nau,
zer ari ote naizen pentsatu gabe
egunsentiaren beldur naiz.

Gauaren magalean gelditu nahiko nuke betiko,
izarren azpian ilargia elkarrekin ikusten,
maltzurkeriaren eta gaiztotasunaren artean
libreki arnasten, libreki itsutzen,
libreki maitatzen, libreki gozatzen.

Barkaidazu maitea,
ametsak ametsak direla esan didate,
behar zaitudenean ezin izango zaitudala ondoan izan,
zure begien egarri izanda ere, ezinezkoa izango dela...
Barkaidazu arren.

Barkaidazu barkaezina dena,
barkaidazu eztarrian nuen korapiloa askatzeagatik,
barkaidazu behin zure begiak estali nituelako,
barkaidazu, beraz, nik itsutu zintudalako.

Iritsi da azken eguna,
azken besarkada,
margoturik zegoen islapen hau
amaitzear dago eta

Ezin ahaz dezaket zure irrifar maltzurra,
zure ikararen irri bihurria,
gauero-gauero zure besoetan harrapatzen ninduena
eta han bertan itsutzen ninduena ere

Nire oroimenera datoz orain zubi aurrean igarotako gauak
ilargia begiratzen genuen,
guretzat une hura betirako geldirik egongo balitz bezala,
baina gau ilun horietan, denbora pasa ahala,
gure artekoak ez zuela zentzurik,
gure artean itsasoa ez zegoen bare, ikusi genuen

Itsututa zeundela uste nuen,
nik itsutua.
Esaten zenizkidan hitz goxoak gogora datoz
oraindik gogora, bai

Baina berandu da jadanik,
berandu agur esateko,
zure begirada galduak
barruko su garra itzaldu zidan eta.



 

Get free blog up and running in minutes with Blogsome | Theme designs available here