Euskaljakintza gu gara!
Hemen klikatuz Jakintza Ikastolako blog guztiak ikusteko aukera izango duzu


  • entzun

2.0 baliabideak

EUSKARA kontsultarako

EUSKARA ariketak

EGA

zalantzak galdetu

aisia euskaraz

bestelakoak


Euskaljakintza berria: euskaljakintza.com | # |

Jakintzako berriak —Maite—23:08
2007-09-6

Euskaljakintza.blogsome.com zena euskaljakintza.com izango da hemendik aurrera. Bi ikasturte, 454 artikulu, 826 iruzkin eta 265.190 orri kargatu ondoren, Blogsomeri agur esateko garaia heldu da. Iazko ikasturtean, jada, sumatu genuen bloga gure hosting propiora pasatzeko beharra. Alde batetik, sortuak genituen hainbat eduki gure babespean gordetzeko egokitasuna ikusi genuen eta, bestetik, irudiak eta argazkiak igotzeko muga aspaldi gainditua genuen honek zekarren lan bikoizketarekin (artikulua Blogsomen idatzi, irudiak Flickreko kontu batean gorde…). Gauzak honela eta gure proiektuarengatik Foru Aldunditik lortutako diru-laguntzari esker, ikasturte bukaeran migrazioari ekitea erabaki genuen.

Aurretik ere ibiliak gara Elurnetekoekin elkarlanean eta informatika lanetan eskarmentu handia eta eskaintza zabala dituztenez, beraiekin harremanetan jarri eta bertako Gorka Julio “Teketen” apartak ekin zion euskaljakintzaren migrazioari. Ilusio handiz (eta tristura apur batez nire aldetik, egia esateko) ekin genion uztailean lanari. Zenbat buelta tarte honetan! Eskerrak Gorkaren pazientziari! (Zer iruditzen zaizu hau kentzea, beste hori mugitzea, hango hura aldatzea…? Nola egiten da…?). Mila esker, Gorka, izugarri ikasten dut beti zurekin (gustatuko litzaidake informatikaria izatea!) :-)

Bestalde, behin aldaketekin hasita, edukia txukuntzeko garaia ere bazela garbi zegoen. Magicek beti esaten zidan euskaljakintzak “El bazar de la coja” ematen zuela. Informazio guztia -gehiegi- dena begi bistan, kaotikoki antolatuta. Egia esan, ikasleek eta lankide batzuek ere esan izan didate hainbat eduki topatzeko arazoak izan dituztela noiz edo noiz…Beraz, bere iradokizunari jarraiki (beti bezala :wink: ), edukiak atal orokorretan banatu eta azpiatalak orri nagusitik kendu ditut. Atal horiek zabalduz, eduki-zerrendak azaltzen dira. Badirudi, orain erosoago dagoela bilaketak egiteko. Gainera, magici kritika konstruktiboa eskertzeaz gain, txantiloi edo theme berriaren proposamena ere eskertu behar diot; izan ere, Gorkak eta biok bi egun oso sarean zehar dauden wordpress theme guztiak behin eta berriz ikusten pasa ondoren, magicek proposatutako lehenengoarekin gelditu naiz, dezinerfolio delako bat. Orain txukunagoa dagoela iruditzen zaizu, magic? :smile:

Luzamendutan ibili gabe, onena antolaketa berriaren azalpentxo bat ematea izango da:

euskaljakintza berria

Goiko aldean:

      1. EGA: EGAko azterketa prestatzeko gune berria (azalpenak, ariketak, egutegia…).
      2. ARAUAK: Euskaltzaindiaren arauak ikasi edo errepasatzeko ikastaroa (azalpenak eta ariketak online).
      3. HAUTAPROBA: Hautaproba edo selektibitateko euskarako azterketa prestatzeko wikia.
      4. HIZTEGIAK: Hiztegia.net-era lotura
      5. BALIABIDEAK: Euskaljakintza euskara baliabide-bilduma
      6. ENTZUN: Euskaljakintzako entzun-irakurtzeko gunea. Autore ezberdinen ipuin, poesia eta eleberrien grabazioak eta informazioa.

Eskuineko aldean (aldatzen joango da):

euskaljakintza berria 2

      1. BILATU: euskaljakintza barneko bilatzailea.
      2. ARIKETAK: euskararen hainbat arlo lantzeko euskaljakintzakook sortutako ariketak (ortografia eta arauak, esaldiak berridatzi, sinonimoak, esamoldeak, atsotitzak, lokailuak)
      3. KONTSULTATEGIA: bat-bateko kontsultak (aditzak, ahozko erdarakadak, “a” itsatsia, antolatzaileak, deklinabidea, , interjekzioak, konparazioak, lokuzioak, perpaus motak…)
      4. 2.0 BALIABIDEAK: Zer da web 2.0?, baliabide-bildumak, blogak, galde-sortak, Moodle, Podcasting, webquestak, wikiak… Horiei guztiei buruzko informazioa eta esteka interesgarriak.
      5. GURE TXOKOA: euskaljakintzakook gure lanerako beharko dugun informazio eta material guztia (programazioa, egutegia, dokumentazioa, gure lan-koadernoak, irratia, irakurlearen txokoa…)
      6. TXAT
      7. AZKEN MEZUAK
      8. ATALAK
      9. ARTXIBOAK
      10. JAKINTZA IKASTOLA: Jakintza Ikastolako gune ezberdinetara loturak.

Artikulu guztien ondoren, zabilduko ikurra topatuko duzue. Zabildu Alex Kingen Share This Wordpress gehigarriaren euskal lokalizazioa da. Ikur bakar bat gehitzen du zure blogeko sarrera guztietan, edukiak zenbait markadore sozialetara bidaltzeko (bildu, zabaldu, delicious, google bookmarks, digg, technorati…).

Amaitzeko, hementxe dituzue euskaljakintzako helbide berriak. Ea gustuko duzuen!



Amaiera ezin hobea ibilbide luze bati agur esateko. | # |

Jakintzako berriak —anazabal—12:26
2007-06-30

Iaz nire herrikide den Junek egin bezala, nik ere ikastolari agurra artikulu honen bidez eman nahi diot. Lehengo asteko ostiralean eman genion amaiera afari eder batekin ikastolan igarotako urteei. Adierazi ezin den sentimendu triste eta, aldi berean, pozezko batekin aurkitu nintzen gaua aurrera zihoan heinean. Urteetan atzera begiratu nuen eta ahaztuko ez zaizkidan oroitzapenez betea zegoela ikusi nuen. Onak zein txarrak baina nire bizitzan zeresan handia eman dutenak. Orain egoera bestelakoa da, txiki-txikitatik elkarrekin egon ostean nork bere bizitzarekin aurrera egingo du giro ezberdin batean. Ikastolan aspaldi izan den talde berezi eta garaiezinak agur esango dio, beraz, Jakintzako familiari.

Ostiraleko afaria hizpide hartuz, aipatu beharra dago gure gelako mutilek izan zuten lana beraiek aritu baitziren zerbitzari eta sukaldari lanetan Jokinen gidaritzapean. Neska koadrila, ostera, poteoan aritu ginen afari ordua iritsi bitartean. Niri, hala ere, gehien afari ondorengoa gustatu zitzaidan. Han zegoen saltsa eta esan beharra!!! Batzuek urtean zehar gertatutako gaizki ulertuak konpondu, besteek elkarri txisteak kontatu eta konturatzerako goizaldeko ordu biak ziren. Elkartetik irten eta tabernetarako bidea hartu genuen. Bertan izan ginen hauek itxi artean. Goizeko hiru eta erdiak joak zirela jende gehienak etxera joateko erabakia hartu bazuen ere, parranda zaleenok Segurara joan ginen egunak nola argitzen zuen ikustera. Honela, bada, gosaltzeko ordurako etxean ginen eta ondoren, nekeak eraginda, lotara joan ginen afaria errepikatu beharra dagoela hausnartuz. :smile:


Cool Slideshows!



Ikastolaren Eguna II | # |

Jakintzako berriak —magic—19:36
2007-06-16

Gaurkoa ez da oso egun aproposa gertatu Ikastolaren Eguneko jarduera guztien erregistro grafikoa biltzeko. Arazoak izan ditugu eta burutu diren jardueren erdia, edo gutxiago, besterik ez dugu jaso. Nolanahi ere, ikastolako partaide guztiek jasotakoa ikusteko aukera izan dezaten, berehala jarri gara martxan eta jada bideo bat eta argazki bilduma txiki bat eskura jarri dizuegu IKTeroetan eta hemen. Disfruta dezazuela!



Informazio gehiago gure ikastolako web orrian. Albiste kanalak bisitatu.



Ikastolaren eguna 2007 | # |

Jakintzako berriak —Maite—16:47
2007-06-15

Iazko ikastolaren egunaGuraso, ikasle, irakasle eta herritar agurgarriak :

Ikastolaren eguna bihar ospatuko dugunez, ekintza desberdinen programaren berri eman nahi dizuegu eta parte hartzeko gonbidapena luzatu:

Haur Hezkuntza eta LHko Lehen Ziklora zuzendutako ekintzak VILLA EUGENIAN

  • Goizeko 10:00etan Ikastolan elkartuko gara guraso, ikasle eta irakasleak.
  • 10:15 ean Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia izango dugu ikusgai bertan.
  • 1 1:30ean LH2ko gure abesbatzaren emanaldia izango dugu .
  • Bukaeran guraso bakoitzak bere seme-alaba jaso beharko du.

Lehen Hezkuntzako Bigarren eta Hirugarren Ziklora zuzendutako ekintzak.

  • 10:30ean 3. eta 4. mailakoak Barandiaran plazan, eta 5. eta 6. mailakoek Garagartza plazan jokoak izango ditugu.
  • 11:45ean Villa Eugenian DBHko ikasleen antzerki emanaldia izango dugu ikusgai.

DBH eta Batxilergoko Zikloetara zuzendutako ekintzak.

  • Goizeko 10:30ean frontoi inguruan elkartuko gara guraso, ikasle eta irakasleak. Bertan kirol desberdinak izango ditugu: pilota, toka eta futbola, besteak beste.

Ekitaldi hauen guztien amaieran, 12:30ean, DASTATZEKO HAMAIKETAKO GOXOA IZANGO DUGU GUZTIONTZAT ARBOLEDAN. (Birziklairako jarriko diren zabor poltsak izendatuta egongo dira, erabil itzazue mesedez.

Gozatu ikastolaren egunaz!



Argiako Internet Saria 2007 jaso dugu! | # |

Jakintzako berriak —jolaus—2:04
2007-01-27

Argia Sariak 2007Gaur eguerdian Lasarteko Txitxardin Beltza jatetxean izan gara aurtengo Argia Sarien banaketan, guretzat izan baita Sareko Argia interneten nabarmendu den komunikabidearentzat.

Honen bitartez, eskerrak eman nahi dizkizuegu irakurri eta jarraitzen gaituzuen guztioi, zuen ekarpenekin IKTeroen blogako edukiak aberasten ahalegindu zareten guztioi eta, batez ere, Jakintza ikastolako komunitatea osatzen duzuen guztioi, guraso, irakasle eta ikasleei.

Bereziki azken hauentzat, alegia, gaur egungo eta iraganean gure ikasleak izan direnentzat, hitz batzuk idatzi nahiko nituzke: eskerrik asko gela barruan adierazi duzuen jarrera baikor eta eraikitzailearengatik. Mila saltsa berrien aurrean topatu zarete azken bi urte hauetan, askotan “sin previo aviso”. Batzuetan entzerrona handietan sartu zaituztegu eta, hala ere, zuen elkarkidetza eta laguntza jaso izan dugu beti. Zuekin bizi izan ditugun esperientziak izugarri positiboak izan direlako animatu gara hauen berri foro honetan ematea. Beraz, sari honen zati handi bat zuena ere bada. Eskerrik asko eta segi hain jator!

Bukatzeko, hemen daukazue guri dagokigunez, saria jasotzearen argudioa:

Bada irakasle talde bat Internetekiko duen zaletasuna bere ikasleengana zabaltzea lortzen duena. Irakasle talde hau informaziorako teknologia berrietan trebatu da eta esperimentatu dutena bere ingurukoekin bezala herritar guztiokin partekatzen ari da eten gabe. Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) hezkuntzarekin nola uztartu erakusten digute beren izenak dioen bezain ero ez dauden irakasleok.

Hementxe duzue ekitaldiko bideo laburra:





hurrengo orrira >>
 

Get free blog up and running in minutes with Blogsome | Theme designs available here