Euskaljakintza gu gara!
Hemen klikatuz Jakintza Ikastolako blog guztiak ikusteko aukera izango duzu


  • entzun

2.0 baliabideak

EUSKARA kontsultarako

EUSKARA ariketak

EGA

zalantzak galdetu

aisia euskaraz

bestelakoak


Harkaitz Cano gaur Jakintzan | # |

Literatura —Maite—7:24
2006-04-3

Harkaitz Cano idazlea Harkaitz Cano idazlea gaur ikastolan izango da Idazleak Ikastetxeetara egitasmoaren barruan. Egitasmo hau Euskara Biziberritzeko Planeko (EBPN) ekintza da, eta Udaleko Euskara zerbitzuak antolatu ohi du, “euskal idazleen obrak zabaldu, ikasleen literatur zaletasuna eta gaitasuna sendotzeko.” Canorekin, Susa argitaletxearen eskutik 1999an argitara emandako Pasaia blues eleberriaz arituko gara.

Harkaitz Cano Lasarte-Orian jaio zen 1975. urtean. Lubaki Banda taldean hasi zen literatur munduan eta, oraindik gaztea den arren, hainbat genero landu ditu dagoeneko: poesia, eleberria, ipuinak… Lehenengo argitalpenak poesiakoak izan baziren ere, ondoren prosarantz jo du eta gaur egun euskal literaturako idazlerik sendoenetakoa da, orain arte argitaratu dituen lan guztiek izan duten harrera bikainak erakusten duen legez.

Canoren lanak dira, besteak beste, Kea behelainopean bezala (Susa, 1994), Paulov-en txakurrak (Erein, 1994), Radiobiografiak (Elkar, 1995), Beluna jazz (Susa, 1996), Telefono kaiolatua (Alberdania, 1997), Bizkarrean tatuaturiko mapak (Elkarlanean, 1998), Piano gainean gosaltzen (Erein, 2000), Norbait dabil sute-eskaileran (Susa, 2001), Belarraren ahoa (Alberdania, 2004) eta Neguko zirkua (Susa, 2005).

Zuzenbidean lizentziatua da Donostiako EHUko unibertsitatean. Euskal Herriko hainbat egunkaritan kolaboratzeaz gain, irrati eta telebistako gidoigile bezala ere lan egiten du. 2005eko Literaturako Euskadi Saria lortu berri du arestian aipatutako Belarraren ahoa liburuagatik. Euskaljakintzan argitaratu genuen bere garaian sariaren berria. Honetaz gain, honen harira egindako hainbat elkarrizketa eta beste irakurri nahi baduzu, klikatu hemen.

Bukatzeko, aipatu, eguerdiko 12:30ean izango dela lasartearra gurekin. Bereziki, lehenengo hiruhilean irakurri genuen Pasaia Blues liburuari buruz hitz egiteko aukera izango dugu. Dena den, guk prestatu ditugun galderak eta berekiko dugun jakin-mina ez dira hor amaitzen eta beste liburu zein bere bizitzaren inguruko beste hainbeste galdera egingo dizkiogu. Ea, bada, gure jakiteko nahi hori asetzeko gai den (ziur gaude baietz!).



EL CODIGO DA VINCI pantaila handian | # |

Literatura, Zinema —uxue—2:20
2006-01-13

Dan Brown Nork ez du inoiz entzun Dan Brown idazlearen EL CODIGO DA VINCI liburuaren izena? Orain, istorio hau zinean ikusi ahal izango dugu, izen berberarekin. “Best seller” honek izugarrizko polemika sortu du orokorrean gizartean; eta, batez ere, elizan. Espainian liburu irakurrienen zerrendan, bigarren postuan aurkitzen dugu obra hau, lehengoan idazle berberaren Angeles y Demonios baitago.

Filma Parisko Louvre museoan hasi zen errodatzen 2005eko ekainean, zuzendaria Row Howard delarik. 2006ko maiatzaren 17,18 edo 19an estreinatuko da munduko hainbat txokotan. Liburu honek negozio izugarria ekarri dio askori: irakurle ugarik obraren eszenak ezagutu nahi izan dituztenez, erakunde askok bisita gidatuak antolatu ditu. Halaber, interes handia sortu du Leonardo Da Vinciren obrengan, hauetariko asko agertzen baitira istorioan zehar.

Sony Picturesek bost milioi dolar ordaindu ditu nobelaren eskubideengatik (nire iritziz, filmak sortuko dituen diru zifrak askoz ere handiagoak izango dira bere ospea dela eta). Pelikula egingo dutenak jakitun dira gizartean eragin duen polemikaz, eta eurek dioten bezala:

Izan duen eraginagatik, katolikoak gutxien erasotzen saiatuko gara obraren hainbat atal filmatzerakoan, jakin badakigulako kristianoak gizartearen zati garrantzitsua direla eta ez dugulako inor mindu nahi.

Erakunde kristiano ugarik produktoreei eskatu die euren fedearen historia ez zikintzeko eta euren ospe ona gordetzeko, gidoiak egiterakoan. Produzitzaile hauen estrategia, filmea ikuslego gehiena erakartzea da, hainbat atal moderazioz grabatuz; beraz, esan dezakegu pelikula hau “antikristiano moderatua” dela, hau da, liburua baino otzanago edo suabegoa dela nolabait esateko.

Liburuaren azalaEz dakienarentzat ondo etorriko da puntu honetan kontakizunaren gorabeherak aipatzea. Istorioa Louvre museoan hasten da bertako kontserbadore bat hiltzen dutenean. Langdon sinbologoa eta Sophie kontserbadorearen iloba hiltzailea nor izan den asmatzen saiatuko dira. Erailea Silas kristaua da Aringarosa gotzainaren laguntzaz, eta hau “Grial Santua” aurkitzeko egin du. Grial hau kristautasunaren historia zalantzan jartzen duen froga da. Silasek hau aurkitu nahi du suntsitzeko, baina Langdon eta Sophiek kristautasunaren “benetako” historia argitu nahi dute.
Beranduago konturatuko dira Grialak izugarrizko zerikusia duela Sophieren eta bere arbasoekin. Amaiera erabat interesgarria da, erabat harrituta geratzeko modukoa, beraz, zuek bakarrik asma dezazuen utziko dut.

Aktoreak honako hauek izan dira:

      Robert Langdon (amerikar sinbologoa)……………..Tom Hanks
      Sophie Neveu (kontserbadorearen iloba)…………Audrey Tautou
      Bezu Fache (polizia)……………………………………………Jean Reno
      Aringarosa gotzaina…………………………………………..Alfred Molina
      Silas (kristau hiltzailea)……………………………………….Paul Bettany

Nik nobela hau irakurria dut eta oso interesgarria dela ziurtatzen dizuet, behin hasita ezin utzi den liburu horietako bat da eta inoiz irakurri dudan onenetarikoa; beraz, denok animatzen zaituztet berau irakurtzera, zur eta lur geratzeaz gain, gauza mordoa ikasiko baituzue.

Nobela eta bere idazleari buruzko informazio gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen!



Euskadi sariak: HARKAITZ CANO (”Belarraren ahoa”) eta XABIER OLASO (”Pupuan trapua”) | # |

Literatura, Argitalpenak —xarana—17:16
2005-10-12

Maitek idatzitako artikuluari estuki loturik, Euskadi Literatura sarietan garaile suertatu diren Harkaitz Cano eta Xabier Olasoren berri ematera natorkizue post honetan.

Xabier Olaso eta Harkaitz Cano, atzo Eusko Jaurlaritzak Donostian daukan egoitzan.
Iaz euskaraz argitaratutako liburu onena iritzi diote epaimahaikoek Cano Lasarteko semeak idatzitako Belarraren ahoari. Liburu honekin batera Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da , Xabier Montoiaren Blackout eta Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak ziren finalista, euskaljakintza gure blog honetan aztergai izan ditugunak (Han goitik itsasoa ikusten da, Blackout). Dena dela, azkenean, epaimahaiak Canoren aldeko hautua egin du. Ikus finalistak.

«Oso ideia original eta iradokitzailean oinarritzen da Cano eleberri liriko hau antolatzeko. Testua askatasun pertsonal zein kolektiboaren metafora bikaina dela esan genezake, eta aipagarriak direla bere idazkera landu eta dotorea, prosa erabakitsu eta doia. Charles Chaplinen Diktadore handia-ri gorazarre eginez, Historia eta Fikzioa nahastuz, errealitateak ezkutuko geruza ugari dituela iradoki digu egileak».

Azken finean, lanaren “literaturtasuna” azpimarratu du, beraz, bereziki epaimahaiak. Halere, onartu du eztabaida handiak izan dituztela finalisten artean sariduna aukeratzeko. Epaimahaiko kide zen Lourdes Otaegik atzoko ekitaldian esan zuenez, epaimahaian iritzi oso desberdinak egon ziren, azkenean Canoren eleberriaren aldekoa nagusitu bazen ere.

«Eleberri honek duen originaltasuna eta ausardia gustatu zitzaigun. Nik uste liburu honen literariotasuna eta bere hizkera literario bereziki landu hori gailendu zirela epaimahaian. Ez zen aho bateko erabakia izan».

Liburuari berari dagokionean, Belarraren ahoa zer den esan nahi bada, derrigorrez aipatu behar da “iraganeko fikzioa”, horixe baita ipuin luze honen oinarria; gertakari historikoen itzulikatzea da Canoren eleberriaren abiaburua: Alemania nazia II. Mundu Gerra irabazten ari da eta Adolf Hitlerrek, Europa konkistatu ondoren, Ameriketako Estatu Batuak hartuko ditu menpean. Harantz doa orain itsasontzi batean, ontzi horretako gela ilunenean, Charles Chaplin artista preso, “Diktadore Handia” filman irri egin zion pertsonaia huraxe bera. New York-en beste pertsonaia bat ezagutuko dugu, Olivier le Grand izenekoa, askatasunaren estatuaren barnean ihesi etorritako langile goseti bat. Historiari heldu eta aurrerantz, egungo egoerarantz egiten du tira Canok liburu honetan, gauzak birritan bizi ahal balira bezala. Harkaitz Cano beraren hitzetan,

«Greziarrek esaten zutenaren kontra, Monterosok berak esaten zuen bezala, posible da bi aldiz ibai berean bainatzea baldin eta bizikleta bat edo zaldi azkar bat izanez gero eta ibaiaren isuria oso azkarra ez bada».

Batek daki idazle eredugarri honen hitzen esanahia. Bizikleta, zaldi azkarra, ibaiaren isuri motela… liburuaren, historian zehar atzerantz egiteko tresnaren, sinonimo gisa erabiliko ote ditu? Horixe uste dut nik, bederen.

IZENBURUA: Belarraren ahoa.

EGILEA: Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975).

ARGITALETXEA: Alberdania.

Sariekin jarraituz, ezin utzi aipatu gabe Xabier Olaso otxandiarrak jasotakoa: Haur eta Gazte Literatura Saria eskuratu du, Pupuan Trapua 86 poemaz osaturiko liburuari esker. Hitz jokoz eta irudiz betetakoak ditugu poemok. Lehen zatikoek helburutzat “jolasa” duten bitartean, bigarren zatikoek “atsedena” sentiarazten digute.

«Liburuak bi zati ditu. Lehenengoari izenburu hau jarri nion: Esna irauteko poemak; eta bigarrenari, Lotarako kanta-kontuak. Bi zati oso ezberdin dira, baina aldi berean osagarriak. Lehenengo horretan, poema laburrak, jostagarriak, hurbilak, bizkorrak daude; izenburuak adierazi nahi duen haritik, loa eragozten duten olerkiak dira. Eta bigarren partean gaia gaua da, gaua eta ametsak».

Olasok «haurren hizkuntza berreskuratu eta honi balioa eman» nahi izan omen dio. Bere hitzetan, «jostagarria eta ozenki irakurri beharrekoa» da Pupuan Trapua.

Xabier Olasoren
IZENBURUA: Pupuan trapua.

EGILEA: Xabier Olaso (Otxandio, 1964).

ARGITALETXEA: Pamiela

Ordea, Olasoren lanaz gain hauek izan ziren finalistak: Javi Cillero (Esne katilu batean ezkutatu egiten zen neska); Arantxa Iturbe (Bi ipotx gure etxeko sofan), Kirmen Uribe (Garmendia errege); eta Patxi Zubizarreta (Atxiki sekretua. Sorginen eskuliburua). Dena dela, beste atalean ez bezala, honetan aho bateko erabakia hartu zuen epaimahaiak.

Azkenik, Euskadi Sariak azaroaren 29an Gasteizen emango direla esatea baino ez.

Bi idazle hauei buruturiko elkarrizketak irakurri nahi izanez gero, jo Euskal literaturara: bi elkarrizketa Harkaiz Canori edota Xabier Olasori buruturiko elkarrizketa.



Obaba Hollywoodeko bidean | # |

Literatura —nandueza—9:32
2005-10-5

Obaba filmaren iragarpen kartela
Duela pare bat egun albiste bikaina jasotzeko aukera izan genuen, Montxo Armendarizen Obaba filma izango baita Espainia ordezkatzeaz arduratuko dena Oscar sarietako 78. ekitaldian.
Munduan zehar hain famatuak diren sari hauetan, ingelesa ez den beste hizkuntza batean eginak dauden filmek osatzen duten multzoan aurkeztuko da. Bernardo Atxagaren nobelan oinarritutako pelikula hau arduartu zen Donostiako 53. zinemaldia estreinatzeaz. Hasieran bazirudien filma beste askoren antzera, oharkabean pasa zela, baina azkenean zinemaldiko epaimahaiak berauk aukeratu zuen Espainiaren ordezkari gisa.
Obabaren zuzendaria den Montxo Armendarizek albistearen berri izan zuen bezain laster honako baieztapen hauek egin zituen:

Ez nau Hollywood-ek batere interesatzen. Bertan nire beste filmarekin, Secretos del Corazón, egoteko aukera izan nuenean hango antolamendua ezagutzeko beta izan nuen, eta egia esan gehien gustatu zitzaidana zera izan zen, industria honetako hainbat pertsonekin adiskidetza bat sustatzea.

Estatu Batuetan ea filmaren izenburua aldatu behar duen galdetu zitzaionean bat-bateko ezezkoa eman zuen, eta izenburuari buruz azalpen bat egin nahi izan zuen jendearen jakin-mina ikusita:

Izan ere kalean zehar nabilela baten bat gerturatu eta honakoa galdetzen dit, Obaba zer da?izen bat, pertsona bat, sinbolo bat…Egia esan behin eta berriro aditzen ari naizen galderetako bat dela esan nezake.

Filmean agertzen den istorioa zertan oinarritzen den galdetzean , honakoa erantzun du:

Bakoitzak bakardadeari, bortizkeriari eta identitate pertsonalari, hala nola etikari nola aurre egiten diogun islatzen saiatu naiz bertan.

Montxo Armendariz zuzendaritza lanetan
Emaitza hori lortu ahal izateko Obabakoak obra originala osatzen duten 28 kontakizunetatik Armendarizek hauetako hiru aukeratu, eta buru belarri zentratu da trama hori osatzeko.
Horrela, bada, istorio bikain honek lehen oztopoari aurre egin dion moduan, espero dugu hurrengo trabak ere erraztasun berarekin pasatzea. ZORTE ON!



Kutsidazu bidea, Ixabel! | # |

Literatura —Maite—15:28
2005-09-24

Euskal Herriko antzoki eta herri ugaritik pasa ondoren, Joxean Sagastizabal idazleak duela urte dezente idatzitako Kutsidazu bidea, Ixabel obra, zinean izango dugu ikusgai hilabete batzuk barru. Fernando Bernues eta Mirella Gabilondo dira zinerako moldaketa honen zuzendariak eta honekin batera telebistarako telesaio bat ere filmatzen ari dira.

Luzemetraia Idurreta baserrian, Zizurkilen, errodatzen ari dira (uda osoan aritu dira eta ez dakit bukatu duten) eta, dakizuen bezala, kontakizuna gazte donostiar baten gorabeheren inguruan garatzen da (Juan Martin), zeina urte batzuetan euskara euskaltegietan landu ondoren, Gipuzkoako herri txiki bateko baserri batera abiatzen den “benetako” euskara ikastera.
Xehetasun guztiak jakin nahi badituzue (protagonistak nortzuk diren, argazkiak ikusi…), klikatu hemen.

Jakin badakidanez zuetako asko Ordiziako Herri Antzokian eta inguruko herrietan egon zinetela antzeslana ikusten eta oso gustuko izan zenutela, berrian aurkitutako aurrerapena, hots, filmaren lehen irudiak gure blogean ipintzea ondo legokeela iruditu zait. Ea, bada, irudi hauen bidez ikusmina eragin eta, estreinatzen denean (martxoan-edo), ikustera joaten zareten!


Amaitzeko, hementxe aurki dezakezue Sagastizabali egindako elkarrizketa non idazle euskaldunak filmazioari buruzko iritzia ematen duen.



hurrengo orrira >>
 

Get free blog up and running in minutes with Blogsome | Theme designs available here